Ororbiako (Nafarroa) KYBSE enpresak legez kontra bota zuen iaz aldi baterako langile bat, Iruñeko (Nafarroa) Lan-arloko 1. Epaitegiak aitortu duenez. Kaleratzearen kontrako salaketa bat aurkeztu zuen CGT sindikatuak, eta arrazoia eman dio azkenean epaileak, uztailean argitaratutako sententzian azaltzen duenez.
Enpresako zuzendaritzak 2024aren bukaeran bidali zuen kalera aldi baterako kontratua zeukan behargina. 279/25 epaiak aitortzen du, ordea, KYBSEk ezarritako kaleratze kolektibo baten barruan kanporatu zutela langilea, eta iruzurrezkoak zirela aurrez egin zizkioten lan-kontratuak. Hori dela-eta, epaitegiak baliogabetzat jo du bere kaleratzea, eta enpresa behartu du bera berriz onartzera; eta langile mugagabe modura, gainera.
Aste honetan itzuli ahal izan da lanera kidea, eta sententziak bide egin die KYBSEk era berean kaleratutako beste langile batzuei ere, salaketa gehiago baitaude tartean. "Epaiak zuzenean langile horri bakarrik eragiten badio ere, epaiketaren zain jarraitzen duten gainerako lankideendako aurrekari positibo argia da", azpimarratu du Nafarroako CGT sindikatuak.
Gogora ekarri du kasu horiek erakusten dutela zer nolako "ziurgabetasun eta babesgabetasun egoera" jasaten duten KYBSEko eta, orokorrean, Nafarroako industriako aldi baterako langileek. Horiek horrela, "enpresek erabiltzen dituzten eta aldi baterako langileen prekaritatean sakontzen duten taktikak" salatu ditu CGTk, "baita sindikatuek horiekin duten konplizitatea ere".
"Oraingo honetan auzibidera jo behar izan badugu ere, auzi horiek arlo sindikalean konpondu beharko liratekeela uste dugu", gaineratu dute sindikatuko kideek: "Nafarroako industrian dagoen prekaritatea deusestatzeko lanean jarraituko dugu, langile-klase osoaren elkartasuna, batasuna, antolakuntza eta borroka sustatuz, inor atzean utzi gabe".