ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Anarchist Federation
2024/12/18 09:16

Aurreko astean, Greziako mugimendu anarkistak nazioarteko deialdi bat zabaldu zuen, Kyriakos Xymitirisen omenez: abenduaren 30ean, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean mobilizatzera deitu zuen. Xymitiris militante anarkista joan den urriaren 31n hil zen, Atenasko apartamentu batean izandako leherketa baten ondorioz. Leherketaren ostean atxilotu eta kartzelaratutako bost militante anarkistekiko elkartasuna ere badu helburu mobilizazio-deialdiak, Ambelokipi kasuaren barruan ikertuak izaten ari baitira.

Atenasko Ambelokipi auzoan gertatu zen urriaren 31ko leherketa. Xymitiris bertan hil zen, eta Marianna, beste militante anarkista bat, larriki mutilatu zen. Hala ere, azaroaren 15ean atxilotu eta Korydalloseko espetxera eraman zuten Marianna, arreta medikoa jaso ondoren. Gertakariaren ondorioz, beste militante batzuk ere atxilotu zituzten, Greziako "terrorismoaren aurkako legearen" pean: Dimitra Z., Dimitris A.K. eta Nikos Romanos. Akusazio larriak egin dituzte haien kontra, hala nola "erakunde terroristako kide izatea" eta lehergailuak egitea.

Alexis Grigoropoulos anarkista gaztearen lagun izan zen Romanos, baita bere erailketaren lekuko ere: 2008an hil zuen Poliziak. 2013an atxilotu zuten Kozanin, bi bankutan lapurtzeagatik, eta hamabost urtetik gorako espetxe-zigorra ezarri zioten horregatik. Kartzelan zegoela, hilabeteko gose-greba egin zuen espetxetik ikasteko eskubidea aldarrikatzeko, eta 2019an utzi zuten aske.

Tokiko hedabideen txostenen arabera, bere eta bere lau kideen aurkako azken operazio honek Europolen eta Alemaniako estatu-aparatuen babesa izan zuen, Europako mugimendu anarkisten aurkako errepresioaren nazioarteko koordinazioa agerian utziz. Horregatik, protestaren deitzaileek "nazioarteko elkartasun aktiboaren beharra" azpimarratu dute Indymedia atarian, bereziki urte berriaren atarian, kartzelako isolamenduaren aurkako borrokari lotuta baitago historikoki. "Kyriakos Xymitirisen omenezko eta atxilotuen aldeko ekintzek egoera ikusarazi dezatela eta Greziako mugimendu politikoen kriminalizazioaren aurrean justizia sozialaren aldeko borroka nabarmendu dezatela" eskatu dute.

Federazio Anarkistak eta bertako kideek gogorarazi dutenez, presoekiko elkartasun-proiektuetan, gerraren aurkako mugimendu internazionalistan, Exarchia auzoko defentsa-ekintzetan, unibertsitate-borroketan, espazioen okupazioan eta, "oro har, borroka sozialetan eta klase-borrokan" militante aktiboa izan zen Xymitiris.

NO HAY COMENTARIOS