ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/02 11:59

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza-Eskubideen Sailak ikerketa bat eskatu die legelari batzuei, ETAko militante politikoen oroimenezko propagandari are gehiago erasotzeko aukerak aztertzeko. Vocentok berriki elkarrizketatu du Arritxu Marañon sailburua, eta propaganda politikoaren kontra esku hartzeko asmoa erakutsi du PSE-EEko politikariak.

"Dagoeneko enkargu bat egin diegu ospe handikoak diren pertsona batzuei, legelariak, Konstituzio Zuzenbidean maila goreneko adituak, ikuspegi legaletik zer egin daitekeen aztertzeko", zioen Marañonek Diario Vasco-n. Eta helburu argi batekin egin du hori gobernuak, gaineratzen zuenez: "Pankartekin amaitzea".

Aurki beteko dira 50 urte, diktadura frankistaren pean, ETAko kide Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituztenetik. Horren harira, azken asteetan, Euskal Herriko kaleetan presentzia handia izan du bi militanteak gogoratzeko propagandak, eta hura isiltzeko presioa egiten ari dira hainbat alderdi, politikari (tartean PSE-EEko Marisol Garmendia, Espainiako Gobernuko Ordezkaria EAEn) eta biktimen kolektibo, interbenitzeko eskatu baitiote Jaurlaritzari. Gogorako zuzendari Alberto Alonsok berak ere hitz egin du 1975ean eraildako bi militanteen kontra, esanez ez zutela "demokraziaren alde borroka egiten".

Txiki eta Otaegiren propagandaren kontrako kanpaina, dena den, harago joateko probestu du Marañonek Vocenton egindako elkarrizketan. Izan ere, Astigarragan (Gipuzkoa) preso politikoen alde egindako bazkari bat edo zehaztu gabeko "kartel eta pankarta" batzuk aipatzen zituen, eta kaleetan propaganda kentzeko egiten den lana aldarrikatu zuen. Hala azaldu zuen: "90eko hamarkadan jada, Donostiako Udalaren agindupean zeuden garbiketa-brigadak sartzen ziren kartelak eta pankartak kentzera, inoren babesik gabe. Beraz, jada bazeuden kartelak kentzeko tresnak... Partekatua izan behar duen lan bat da hori, guztion lana da".

El Correo-k jaso duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak orain arte ezarritako jurisprudentziak halako propaganda baimendu du, ebatziz ez dutela "minik sortzen" edo "gorazarrerik egiten". Imanol Pradales lehendakariak (EAJ) hori gogorarazi zuen aurreko ostegunean, defendatu zuenean Ertzaintzak ez omen daukala ahalmenik propagandaren aurrean esku hartzeko, epaile batek hori agintzen ez badu. Hala ere, errealitatean, polizia-indarrek eta garbiketa-brigadek sistematikoki kentzen dute orotariko propaganda Euskal Herriko kaleetan. Zarautzen (Gipuzkoa), esaterako, polemika piztu zuen Txiki eta Otaegiren aldeko olana bat 24 orduan baino gutxiagoan kendu izana udal-langileek, alkatetzaren aginduz.

"Orain, bere [Jaurlaritzako] kabineteko sailetako batek haratago joan nahi du, eta aztertu nahi du ordenamendu juridikoak zenbateraino uzten duen zirrikituren bat afixa horiek kentzeko eta egileak jazartzeko", dio El Correo-k. Datozen asteetan izango omen dute ebazpenen bat.

NO HAY COMENTARIOS