Hamar etxebizitza baino gehiago dituzten nagusiak hartzen ditu jabe handitzat Espainiako Bankuak, eta badirudi haiek kontrolatzen dituztela milioi bat etxe baino gehiago estatuan. 27.000 jabe handirenak omen dira estatuko 1.046.188 etxebizitza, eta, beraz, 39 etxe ditu jabe bakoitzak, batez beste.
Etxebizitza horien artean, gainera, %60 dira enpresa, funts eta bestelako entitate pribatuen jabetzakoak. Sektore publikoa da hurrengoa jabetzadunen zerrendan, etxebizitzen %23 kontrolatzen baitituzte askotariko erakunde publikoek, eta beste %17 pertsona fisikoenak dira.
Espainiako Estatuan, ofizialki, 24 milioi higiezin daude. Alokairuan bizi diren pertsona edo familia kopurua handitu egin da azken urteetan, dena den: familien %18,7 bizi ziren alokairuko etxebizitzetan 2023an, Espainiako Bankuaren datuen arabera. Beraz, 2007ko datuekin alderatuta, 1,3 milioi etxebizitza gehiago daude alokairu-merkatuan gaur egun, eta "hazkunde metatua" delakoa %50ekoa baino handiagoa izan da, Espainiako Bankuaren hitzetan.
Jabe "txikiak"
Osotara 3,6 milioi higiezin daude Espainiako Estatuko alokairu-merkatuan, eta ondasun horien jabeak "partikularrak eta jabe txikiak" dira nagusiki, Espainiako Bankuaren irizpideek diotenez. Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agenda Ministerioak dio, bestalde, alokairuan dauden etxebizitzen %85 direla pertsona fisikoenak.
Errentatzaile horiek, gainera, ez dute etxebizitza bakar bat alokairuan. Gehienek bi etxe edo gehiago dituzte alokairuan jarrita, eta Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) emandako datuek erakusten dutenez, 2018an etxebizitzak alokairuan zituzten jabe "txikiak" 4,2 etxebizitzaren jabe ziren Espainiako Estatuan, batez beste.
Etxejabeak dira errentarik handienak aitortzen dituzten biztanleak
Alokatzaileen familiak dira Espainiako Estatuan errentarik handienak aitortzen dituztenak, hainbat ikerketak azpimarratu dutenez. Sektore horren urteko batez besteko errenta 40.293 eurokoa da, maizterren errentaren bikoitza baino gehiago, 18.457 eurokoa baita batez beste. Alokairua existituko ez balitz, errentatzaileen urteko errenta 33.602 eurokoa izango litzateke batez beste.