ACTUALIDAD / Régimen salarial
Milaka pertsona atera dira kalera Zaldibarko kasua argitzea eskatzeko eta eraildako langileen senideei elkartasuna adierazteko
Luizia gertatu zen eremura mugitu zen atzo milaka lagunek osatutako manifestazioa, Urkulluren gobernuari eta patronalari kasua "argitzea" eskatzeko eta lurperatuta jarraitzen duten bi langile erailen senideei elkartasuna adierazteko.
2020eko otsailaren 15
Milaka pertsona atera dira kalera Zaldibarko kasua argitzea eskatzeko eta eraildako langileen senideei elkartasuna adierazteko

Aurpegian maskara zutela, Eibarretik (Gipuzkoa), Ermuatik (Bizkaia) eta Elgetatik (Gipuzkoa) hainbat zutabe irten ziren atzo, hilak 15, eta Zaldibarko (Bizkaia) Eitzaga auzoan egin zuten bat gero. Luiziaren ondorioz zabortegian lurperatuta geratu diren langileei elkartasuna adierazteaz gain, Zaldibarko kasua argitu dadin eskatu zuten hala milaka pertsonak.

Hamar egun igaro dira Verter Recycling enpresaren hondakindegian luizia jazo eta zaborrak bi langile azpian hartu zituenetik, eta ugariak izan dira kasua xehatzean azaleratu diren ertzak: amianto arrastoak, suteak, aire kutsadura, iruzurrez aurrera eramandako eraikuntza-planak (gaur jakinarazi dute zabortegiaren egituraketa ez dela hasiera batean onartutako proiektuan aurkeztutakoa), zakartegia etenik eta kontrolik gabe zaborrez puzteko dinamika, eta abar.

Keak hartutako eskualdea

Gertakarien epizentrora iritsi zen atzoko manifestazioa, eta oraindik kea zerien luiziak mendiaren arrakaletatik behera bota zituen hondakinei. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak aurreko igandean, hilak 9, adierazi zuen Zaldibar inguruko kutsadura mailaren "parametroak arruntak" direla, baina iragan ostiralean hainbat hedabidek aditzera eman zutenez, luiziaren ondorioz, 40 aldiz biderkatu da hainbat gai toxikoren presentzia.