30 pentsiodunek duela astebete ekin zioten baraualdi bati Bilboko (Bizkaia) lokal batean. Txandaka arituta, bost egunez egin zuten barau 150 lagunek, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko. Espainiako Gobernuak aditzera eman du 2027. urterako ezarriko duela zenbateko hori pentsioetan, baina gutxieneko kopuru hori "berehala" aplikatzeko premia nabarmendu du Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Orain dela bost urte protestak hasi zituenetik, horixe izan da, hain zuzen ere, bere aldarri nagusietako bat: pentsioak, gutxienez, 1.080 eurokoak izatea denentzat.
Aurreko astean indar berezia hartu du eskaera horrek, protestaz beteriko astea antolatu baitzuten Hego Euskal Herrian pentsiodunek. Baraualdiaz gain, mobilizazio ugari izan ziren hainbat eta hainbat herritan, eta larunbatean eman zioten buru asteari, manifestazio handi batekin: Bilbon elkartu ziren milaka pentsiodun, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lehenbailehen ezar ditzatela exijitzeko, berriz ere. Hego Euskal Herri osotik bertaratu ziren milaka lagun Bizkaiko hiriburura.
Pentsiodunen Mugimenduak salatu du, besteak beste, adierazpen nahasgarriak eta lausoak egin dituela Espainiako Gobernuak pentsioei dagokienez. "Gauza bat ona balitz bezala azaldu nahi dute hain ona ez denean; gauza positiboak dituenean, baina baita gauza oso negatiboak ere. Ez gara geldituko", adierazi dute pentsiodunek.
Hego Euskal Herriko pentsiodunen %30ek (199.800 pertsona) dituzte hilean 800 eurora ere heltzen ez diren pentsioak, eta horietatik 152.000 baino gehiago dira emakumeak. Bestalde, %39,2 dira hilean 1.000 euro jasotzera ere iristen ez diren pentsiodunak.