ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EP/El Independiente
2023/09/06 10:00

Elikagaien edota erregaien prezioak ez dira Espainiako Estatuan errekor historikoak hausten dituzten bakarrak: polizia-agente kopurua ere maximo historikoetara helduko da laster. Gobernuko presidentearen eta Ministroen Kontseiluaren web-orri ofizialean bertan (La Moncloa ataria) harrotzen dira horretaz: ekainaren bukaeran adierazi zuten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, guztira, 156.400 agente izango dituztela hemendik aurrera, inoizko kopururik altuena.

Azken promozioak polizia-indarretara batuta lortu dituzte zifra horiek. Ekainean ekin zioten jardunari Espainiako Poliziako Oinarrizko Mailako Promozioko azken ikasleek, eta horrekin, 74.458 agente zenbatu zituzten guztira. Guardia Zibilak, berriz, uztailean hartu zituen Jaengo eta Madrilgo azken promozioetako ikasleak. Horiek kontuan hartuta, osotara, 81.995 guardia zibil direla kalkulatzen da.

Azkenekoz, 2011n heldu zen maximo historikoetara polizia-indarren plantilla. Orduan, 155.149 guardia zibil eta Espainiako Poliziako agente izan ziren. Hurrengo urteetan zertxobait egin zuen behera polizia kopuruak: datu ofizialen arabera, 2017an, esaterako, Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako 142.072 agentek jarduten zuten. Aurten, ia 5.000 agente berrik egin dute bat Guardia Zibilarekin eta Espainiako Poliziarekin.

Soldatak, gora azken urteetan

"Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren plantillen hazkunde organikoa posible izan da Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren eta Barne Ministerioaren ekimenez deitutako ondoz ondoko bost lan-eskaintza publikoei esker", zioen La Moncloa atariak ekainean. Eta beste mugimendu nabarmen bat ere egin dute polizia-indarrak indartzeko: soldatak igo dituzte.

El Periódico de España-k jaso duenez, 2018tik hona, batez beste %38 igo dira polizien soldatak. 2019 eta 2021 artean, zehazki, %26 egin zuten gora ordainsariek, soldatak parekatzeko hasitako prozesu baten ondorioz. Eta horri gehitu behar zaio aurten langile publikoei ezarritako %9,5eko igoera. Beraz, Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agenteen soldatak maximo historikoetan daude une honetan.

Iazko udazkenean jakinarazi zuten bezala, Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorretan, 11.500 milioi euroko aurrekontu bat jaso zen Barne Ministerioarentzat. Diru-partida horren barruan, 491 milioi euro bideratu nahi ziren polizia-agenteei ordaintzera; alegia, aurrekontuaren igoera osoaren %43.

Baliabide gehiago

Soldatak igotzeaz gain, polizia-indarrek erabiltzen dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak berritzeko asmoa dauka gobernuak, antza. Adibidez, patruila-autoei dagokienez, 1.827 kotxe kamuflaturen (K) eta 1.442 auto errotulaturen (Z) alokairua berrituko du Espainiako Poliziarentzat, eta 1.809 ibilgailu berri erosiko ditu Guardia Zibilarentzat.

NO HAY COMENTARIOS