Maiatzaren 30ean, Berangoko auzipetuen alde mobilizatzera deitu dute
— ARGAZKIA @auzipetuak

Agerraldi jendetsua egin zuten Berangon (Bizkaia) joan den igandean, Ibai Aginaga preso politikoari 2022an egindako harrera dela-eta zabalik dagoen prozesu judizialaren nondik norakoak azaltzeko. Aurreko astean aurreratu zuten modura, ekainaren 8tik 26ra bitartean epaituko dituzte hamasei berangar Espainiako Auzitegi Nazionalean, ongietorrian parte-hartzea eta "terrorismoari gorazarre" egitea leporatuta. Zigor gogorrak eskatzen dituzte haientzat: 36 urtetik gorako kartzela-zigorrak, ia 76.000 euroko isunak eta 171 urteko inhabilitazioa, guztira.

Jende ugari bildu zen igandeko prentsaurrekoan, auzipetuei babesa emateko eta "makrosumario politikoa" gaitzesteko: "Ozen salatzen dugu auzi hau ez dela ongietorri-ekitaldi baten aurkako auzia, adierazpen-askatasuna eta militantzia politikoaren aurkako auzia baizik". Horrekin batera, "kartzelan zein kalean dauden militante politikoen aurkako neurri errepresibo guztiak bertan behera utzi" ditzatela exijitu zuten.

Mobilizazio-deialdi baten berri ere eman zuten agerraldian, "denoi eragiten digun oinarrizko eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoaren epaiketa honi aurre egiteko": maiatzaren 30ean, epaiketaren atarian, manifestazio bat egingo dute, Eskubide zibil eta politikoen defentsan. Amnistia lelotzat hartuta. Algortako Telletxe plazatik abiatuko da mobilizazioa, arratsaldeko 18:00etan, eta Berangon amaituko da.