Atzo arratsaldean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestu bat aurkeztu zuen Gasteizko (Araba) Auzolana pilotalekuan. Tel Aviv Maccabi saskibaloi taldea Gasteizen izango da hurrengo astean, otsailaren 7rako baitauka finkatuta Euroligako norgehiagoka bat Baskoniaren kontra, baina partida bertan behera gera dadila exijitzen du manifestuak. Israelen aurpegi garbiketari ez. Maccabi kanpora lelopean, babes handia jaso du adierazpenak: hura sinatu dute saskibaloiko 40 taldek eta klubek eta kirol munduko 91 pertsona ezagunek, baita Arabako 65 kolektibo sozialek eta politikok ere.
"Erregimen kolonialaren administrazioarentzat inoiz baino ezinbestekoagoa da bere kontakizuna elikatuko duen normaltasun irudi bat saltzea mundu mailan", seinalatzen du idatziak. Gogorarazten du Israelgo Estatuak Hasvará (Propaganda) izeneko ministerio bat sortu zuela 2005ean, ondoko helburuarekin: "Mundu mailako foroetan arte, musika, kultura, hezkuntza zein kirol munduko ordezkari israeldarren presentzia sustatzea, erregimenaren irudi jator bat emango dutelakoan, eta haren irudi publikoa garbituko dutelakoan". Ordezkari horien artean nabarmenetako bat da, hain zuzen ere, Maccabi taldea.
Manifestuan salatzen denez, "Euskal Herrian ere presentzia israeldarra normalizatzen duten adibideak baditugu", eta horren adibide da Maccabik Baskoniaren kontra jokatzea. Idatzian oroitarazten da, gainera, azken urteetan Maccabi Gasteizen izan den guztietan, askotariko neurriek eragindako "egoera gatazkatsuak" sortu direla; esaterako, "adierazpen eta biltzeko askatasunaren murrizketak, atxiloketak, isunak" eta abar. Hala ere, plataformak aldarrikatu du "Baskoniako jarraitzaileen erantzuna eredugarria" izan dela beti, "palestinar herriaren aldeko aldarriak beti izan direlako presente Zurbanoko pabiloiko harmailetan". Indar Baskoniako zaleen jarrera azpimarratu du.
Exijentzia: partida bertan behera gera dadila
Manifestuaren sinatzaileek exijentzia bat egin diete Gasteizko eta Arabako erakunde publikoei zein Baskonia klubari: otsailaren 7an Gasteizen jokatzekoa den partida bertan behera gera dadila. "Hori bezalako ekimenek erregimen israeldarrari presioa egin diezaiokete genozidioa gelditu dezan, nahiz eta jakitun garen helburu hori mobilizazioaren eta antolakuntzaren bidetik lortu behar dugula", dio adierazpenak.
"Palestinar erresistentzia munduko zapaldu guztiontzat eredugarri izaten ari den honetan, gure elkartasunik beroena eta eraginkorrena helarazi behar diegu, sionismoaren eta bere normalizazio saiakeren aurka borrokatuz", gaineratzen da: "Ezin dugu onartu genozidioa normalizatzen duen ekitaldirik, ez gure hirian, ez inon. Palestinar herriarekiko elkartasunak Israelekiko harreman oro etetearen alde antolatzera eraman behar gaitu".
Sinatzaileak
Idatzia sinatu duten 40 saskibaloi taldeen eta kluben artean nagusi dira Gasteizkoak, baina badira Amurriokoak (Araba), Zuiakoak (Araba), Barakaldokoak (Bizkaia), Bilbokoak (Bizkaia) edo Iruñerrikoak (Nafarroa) ere, besteak beste. Kiroleko hainbat zale taldek ere eman dute euren babesa, zehazki Indar Baskoniak, Iraultza 1921ek, Bilboko Hirukoa taldeak eta Amarauna Basket Femek. Bestalde, esan bezala, ia 100 dira adierazpenarekin bat egin duten kirol munduko pertsona ezagunak, nagusiki kirolariak. Saskibaloi, futbol, pilota, atletismo, txirrindularitza, korrika, eskubaloi, boxeo, arraun, harri-jasotze nahiz eskalada munduetakoak dira.
Arabako 65 eragile sozialek eta politikok ere eman dute euren atxikimendua: eskubide sozialen aldeko kolektiboak, ekosistemen suntsiketaren aurkakoak, arrazakeriaren edo gerraren kontrakoak, auzo elkarteak, gune autogestionatuak, Gaztetxe eta gazte asanbladak eta antolakunde politikoak daude sinatzaileen artean, besteak beste. Mugimendu Sozialistaren parte diren eragileak ere batu dira, hala nola Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Kontseilu Sozialista, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS), Ikasle Abertzaleak (IA) eta Itaia.
Ikusi hemen sinadura guztiak.