ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/08 15:02

40dB enpresa inkestatzaileak, SER katearen enkarguz, Loaren Erradiografia txostena argitaratu berri du otsailean. Ondorio nagusiak honakoak dira: Espainiako Estatuko biztanleen hiru laurdenek nahi baino lo ordu gutxiago egiten dituzte, bai astean zehar, baina baita asteburuetan zein oporraldietan. Lo orduen batez bestekoa 7,3 ordukoa da asteko, eta zortzi ordukoa asteburuetan.

Txostenaren arabera, biztanleen %86k sei eta bederatzi ordu arteko loaldiak izan ohi dituzte lanegunetan, gustatuko litzaiekeena baino ordubete gutxiago, alegia. Gainerako egunetan, batez bestekoa zortzi orduen bueltan kokatzen da, euren nahietatik gertuago. Lanegunei dagokienez, desiratutako eta benetan egindako lo orduen arteko ezberdintasunik handiena, 9 urtera arteko seme-alabak dituzten gurasoen artean (%85,8) eta soldatapeko langileen artean (%80,1) aurki daiteke.

Desiratutako eta benetan egindako lo orduen arteko ezberdintasunik handiena, 9 urtera arteko seme-alabak dituzten gurasoen artean eta soldatapeko langileen artean aurki daiteke

Loaren osasuna

Nahi baino lo denbora gutxiago izateaz gain, ia inkestatuen erdiak (%47,5) onartzen dute ez dutela lorik ongi egiten: %34,3k batzuetan ongi eta beste batzuetan gaizki egiten dute, eta %13,2k gehienetan gaizki edo beti gaizki. Lorik ongi ez egitearen ondorioak nekea eta akidura dira %76entzat; %63k diote aldartean aldaketak eragiten dizkiola eta %55ek adi egoteko arazoak dakarzkiela.

Koltxoia nolakoa, loa halakoa

Arazo nagusiei dagokienez, bat-bateko esnatzeak egunero edo maiz bizi dituztenak %40 dira, baina ehunekoa %52,2ra iristen da hilabete amaierara heltzen ez direnen (HAHED) artean, eta %50era 55-65 urte artekoen artean. Lo sakona lortzeko ezintasunik dutenen artean, oro har, %28,2k bizi dute arazo hori egunero edo maiz, baina etxeko langileen artean %39,6ra igotzen da proportzioa, eta %39,2ra HAHEDen artean. Loa hartzeari dagokionez, biztanleriaren %27k edukitzen du zailtasunik egunero edo maiz; HAHEDen artean, berriz, ehunekoa %38,3ra heltzen da.

Bat-bateko esnatzeak egunero edo maiz bizi dituztenak %40 dira, baina ehunekoa %52,2ra iristen da hilabete amaierara heltzen ez direnen artean, eta %50era 55-65 urte artekoen artean

Ezin itzali

Loa errazago hartzeko eta bere kalitatea hobetzeko erremediorik ohikoenak osagarri naturalak edo infusioak izan ohi dira. Hala ere, biztanleria osoaren %15ak botikaren bat hartzen du maiz loa hartu ahal izateko; lo kalitate erdipurdikoa edo txarra dutenen artean, ordea, kopurua ia erdira iristen da (%48,4). Gainera, zuzenean loaren tratamenduarekin zerikusirik duten botikak gutxiengoa dira (%25,5), gehienak antsiolitikoak (%30,2) eta antidepresiboak (%27,2) baitira.

Biztanleria osoaren %15ak botikaren bat hartzen du maiz loa hartu ahal izateko; [...] gehienak antsiolitikoak (%30,2) eta antidepresiboak (%27,2) dira

Lo kalitate txar horren jatorria "estresean" eta "kezketan" kokatzen dute hamarretik zortzik. Horrez gain, gazteen %39k oheratu aurreko mugikorraren erabilera ere seinalatzen dute: izan ere, 18 eta 24 urte artekoen %80k erabiltzen dute gailu digitalen bat oheratu baino lehen; batez besteko orokorra %54an kokatzen da.

NO HAY COMENTARIOS