ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/14 12:17

Aste honetan Herri Unibertsitate nazionala egin ostean, datorren astean Euskal Herriko sei campusetan izango dira tokian tokiko Herri Unibertsitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean (Nafarroa), otsailaren 23tik 25era izango da; gainerakoetan, berriz, 22tik 24ra bitartean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ibaetako campusean (Donostia, Gipuzkoa), hizpide izango dituzte Karl Marxen Gothako programari kritika testua, urbanismo kapitalista, Ekonomia Politikoaren Kritika, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren historia, Martxoaren 8a eta errepresio politikoa, besteak beste. Horrez gain, kirol txapelketa bat, kontzertu akustiko bat eta bertso-bazkari bat ere egingo dituzte.

Leioako campusean (Bizkaia), aldiz, Marxen Kapitala-ri, arteari, datorren martxoaren 24ko ikasle grebari edota pandemiaren kudeaketari buruzko hitzaldiak egongo dira. Campuseko hainbat borrokatako esperientziak ere jasoko dituzte mahai-inguru batean: hain justu, autoeskolako langileena, garbiketako langileena eta Arte Ederren Fakultateko ikasleena.

Eibarko campusean (Gipuzkoa), bestalde, Covid ziurtagiria, Energia Berdeak deiturikoak, etxebizitzaren auzia eta krisi ekologikoa landuko dituzte. Hilaren 24an, gainera, bertso-bazkari bat izango da.

Gasteizko campusean (Araba) ere hainbat gai izango dituzte aztergai: euskara eta klase sozialak, immigranteak, espazioen beharra, Euskal Herriko egoera politikoa, eta abar. Ekitaldi politiko bat eta bazkari bat ere egingo dituzte.

Bilbori (Bizkaia) dagokionez, hiru gunetan izango da Herri Unibertsitatea: Sarrikon, San Mamesen eta Deuston. Ukrainako gatazka, 1970eko ezker erradikala, Parisko Komuna eta Martxoaren 8a landuko dituzte, besteak beste.

Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Herri Unibertsitatean, euskarazko kultur ekoizpenari, lan-erreformari, etxeko lanei edota egungo koiuntura politikoari buruzko hitzaldiak egongo dira.

NO HAY COMENTARIOS