Ehunka gazte batu ziren atzo Leioako (Bizkaia) campusean, Leioako 5ak aske gera daitezela eskatzeko, eta errepresio politikoa gaitzesteko. Datorren asteazkenean, irailaren 27an, epaituko dituzte Leioako 5ak, eta mobilizazio egunak ari dira izaten honakoak. Biharko ere jarri dituzte beste bost hitzordu, auzipetutako bost pertsonen eskualdeetan, goizez zein arratsaldez.
Hiru mobilizazio izango dira goizean: 11:00etan Baionako (Lapurdi) Herriko Etxe aurrean elkartuko dira, 12:00etan Lizarrako (Nafarroa) bus geltokian, eta 13:00etan Altsasuko (Nafarroa) udaletxe aurrean. Arratsaldean, berriz, protesta bana izango da Iruñean (Nafarroan) eta Portugaleten (Bizkaia): 19:00etarako jarri dituzte bi hitzorduak, Iruñeko Konpainia plazan eta Portugaleteko Triangeluan.
45.000 euro eta 40 urteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte Leioako 5entzat. Epaiketa egunerako, datorren asteazkenerako, beste mobilizazio deialdi bat ere egin dute: 09:00etarako Bilboko Albiako lorategietara bertaratzera deitu dute.
Ikusi hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Leioako 5en kasua puntuz puntu azaltzeko argitaratutako infografia.