ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @martinetxa (X)
2025/01/28 08:24

Ostegunean ekingo diote greba mugagabeari Laudioko (Araba) Guardian Glasseko langileek. Atzo egin zituzten bi asanblada, goizez eta arratsaldez, eta aho batez erabaki zuten grebara jotzea, 171 lanpostuen defentsan. Horren aurretik ere mobilizatuko dira baina: enpresako zuzendaritzak bihar, urtarrilaren 29an, behin betiko geratu nahi du lantokiko labea. Fabrikaren itxiera berehalakoan ekarriko lukeen itzalketa hori ekiditeko, bihar goizean mobilizatzera deitu dute beharginek: lantokiko atarian bilduko dira 07:00etan. Beste enpresa batzuetako beharginak bertaratu eta amatatze-lanak egitea ekidin nahi dute.

Hasieran, langileak otsailaren 2an ziren greba hastekoak, enpresa-zuzendaritzak otsailaren 3rako iragarri baitzuen itxiera. Momentu batetik bestera, ordea, urtarrilaren 29ra aurreratu zuen geldialdia enpresak, eta borrokarako dituzten epeak aurreratu behar izan dituzte beharginek. Langile-batzordea (ELA eta LAB sindikatuak) atzo goizean elkartu zen zuzendaritzarekin, baina adierazi zuen lantegia zarratzeko erabakiak ez duela "atzera-bueltarik".

Itxieraren aurka daudela esan dute zenbait gobernu-erakundek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak kasu. Jaurlaritzak, ustez, multinazionaleko zuzendaritzari eskatu dio ez dezala fabrika itxi, baina ezer gutxirako balio izan du horrek. Kontrara, itxiera-asmoak mantentzeaz gain, otsailaren 3rako iragarritako geldialdia aurreratu du zuzendaritzak, Jaurlaritzarekin bildu aurretik. Gaur izango dute bilera.

Kolapsatzeko arriskua

Langileek, bestalde, ohar egin dute: labea "modu jakin batean" itzaltzen ez bada, "eraikina kolapsatzeko arriskua" handia da. Enpresa-zuzendaritzak ez du oraindik inolako protokolorik aurkeztu labea amatatzeko. Guardianek berak aurreko astean jakinarazi zuen labeak segurtasun-arazoak dituela eta arriskutsua dela egoera plantillarentzat, baina azpiegitura berritu beharrean, fabrika osorik zarratzearen alde egin du multinazionalak. Labearen arriskuaren berri ematean, lantegira bertaratu ziren bai lan-ikuskaritza bai Osalan.

EAEko Justizia Auzitegia pasibo

ELAk epaitegietara jo du fabrikaren itxiera gelditzen saiatzeko, baina alferrik: Aiaraldea-k arratsaldeko aurreneko orduan argitaratu duenez, EAEko Justizia Auzitegiak uko egin dio labearen amatatzea geratzeari. Bide juziala hutsala izan da beraz, eta epaitegiak ez dio inolako oztoporik jarriko biharko finkatuta dagoen itzaltzeari. Lan-ikuskaritzak ere badu aukera esku hartu eta lantokiaren itxiera gelditzeko, bertan ere aurkeztu baitute salaketa bat sindikatuek. Dena den, oraingoz ez du inolako berririk eman, eta badirudi langileen mobilizazioak izango direla berme bakarra.

NO HAY COMENTARIOS