Herenegun, urtarrilak 4, Bilboko (Bizkaia) Langile Autodefentsa Sareak (LAS) prentsaurrekoa egin zuen Uribarri auzoan, Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar garbiketa enpresarekin indarrean den lan-gatazkaren berri emateko eta borrokaldiak martxan jarraitzen duela adierazteko. Azaroaren 26an, enpresari helarazitako gutun batean eman zuten lan-gatazkaren berri aurrenekoz. LASekin harremanetan jarri zen langilea, kontraturik gabe lanean ari zelako eta berau beharrezkoa zuelako bere egoera erregularizatzeko.
Bere lan-baldintzen berri ere eman zuen beharginak; horien artean, "lan-jardunaldia adostutakoa ez zela", "soldata zein lanorduen aldakortasuna iraunkorra eta etengabea zela" eta "bere osasunaren kaxkartzea" nabarmena zela azaldu zuen, besteak beste. Era berean, langileak enpresari bere lan-eskubideak errespetatzeko eskaera egin ostean, hark "lanorduen jaitsiera" eta "gainontzeko langileen bidezko lan-jazarpena" abiatu zituela salatu dute agerraldian LASeko kideek.
DIFAMAZIOAK
Beharginak LASekin batera borroka martxan jarri zuenetik, bere nagusiak "difamazio-lanak" egin dituela salatu dute; "lankideak, [garbitzen zituen] pisuetako jabeak eta bere etxeko ugazaba tarteko". Hala, LASek adierazi du etxeko-lanen sektoreko enpresak "baliatu egiten direla sektore feminizatua izateaz emakume langileen soldatak jaisteko eta lan-baldintzak okertzeko", eta horrek "langileriaren geruza desberdinen arteko arrakala areagotu" egiten duela ohartarazi du.
KLASE BATASUNA
Gauzak horrela, "langileriak bizi dituen zapalkuntza desberdinen aurrean, klase batasunaz jarduteko beharra" azpimarratu dute LASeko kideek, "bizi dugun krisi testuinguruan, proletalgoaren defentsarako gaitasunak handitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela" aldarrikatzearekin batera. Ondorioz, enpresari eginiko eskakizunak bete arte borrokan jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute.
Horrekin batera, urtarrilaren 11n 18:00etan enpresaren aurrean egingo duten kontzentraziora bertaratzeko deia luzatu dute.