Astelehenean, Santurtziko (Bizkaia) portuko lan-istripuaz gain, beste bi behargin zauritu ziren Euskal Herrian lanean ari zirela. Urdiaingo (Nafarroa) tailer batean, eskua harrapatu zuen 37 urteko langile batek, eta anputazio larri bat pairatu zuen horren ondorioz: bi atzamar galdu ditu.
Elizondon (Nafarroa), gainera, eraikuntza-materialekin jarduten duen enpresa batean izan zen beste lan-istripu bat. Buruan kolpe handi bat jasan zuen 21 urteko langile batek, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten, pronostiko erreserbatuarekin.
Urtea hasi zenetik, bi lan-heriotzaren berri eman dute dagoeneko Euskal Herrian. Urtarrilaren 9an, Arizkunen (Nafarroa) galdu zuen bizia behargin batek, lanera bidean zela. Aurreko egunean, urtarrilaren 8an, Urruñan (Lapurdi) hil zen beste langile bat, ur-biltegi bat eraikitzeko lanetan. Bi hildakoak aritzen ziren eraikuntzan. 2025ean, gutxienez 74 lan-heriotza izan ziren.