Urteko hainbat egunetan, etxerik gabeko pertsonentzat irekitzen dute Donostiako (Gipuzkoa) La Sirena aterpetxea, baina udalak muturrekotzat jotako tenperatura-baldintzak betetzen direnean soilik. Beste erabilera batzuk eman izan dizkiote eraikinari bestela, esaterako, turistei ostatu ematea.
Donostia Antifaxista plataforma sortu berriak salatu du "gizatasunik gabeak" direla La Sirena irekitzeari begira ezarritako irizpideak, eta exijentzia bat egin du: aterpetxea urte osoan ireki dezatela kale egoeran dauden lagunentzat.
Aldarri hori egiteko, manifestazio bat prestatu dute hurrengo astelehenerako, abenduaren 23rako. Iluntzeko 19:00etan hasiko da, Bulebarretik. Plataformak ohartarazi du, azken zenbaketen arabera, gutxienez 413 pertsona bizi direla kalean Gipuzkoako hiriburuan.