ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzoko elkarretaratzea, Tuteran. FOTOGRAFÍA / Santi Vaquero
2024/06/14 13:34

Tuterako (Nafarroa) epaitegiak 1.600 eurotik gorako zigorra jarri dio pertsona bati, isuna eta CAF-Trenasari ordaindu beharreko kalte-ordainak kontuan hartuta. Castejongo (Nafarroa) CAF-Trenasa lantokian margoketa bat egitea leporatuta kondenatu dute, urtarrilaren 25ean, enpresa hori sionisten konplize gisa seinalatzeko protesta-ekintza bat izan baitzen bertan.

"CAFek Israelekin eta bere kolonizazio-prozesuarekin duen konplizitatea salatzeko egin genuen protesta-ekimen hura", azaldu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Protesta zela-eta, hamabi pertsona deitu zituzten Tuteran deklaratzera, baina epaileak artxibatu egin zuen horietatik 11 lagunen aurkako prozesua. Hamabigarrenari, ordea, atzo egin zioten epaiketa, Tuteran bertan.

Goizean epaitegi aurrean elkarretaratu ziren hainbat pertsona; auzipetuari babesa emateko, Palestinarekiko elkartasunaren aurkako errepresioari ezetz esateko, eta CAFi Palestinako lurretatik alde egin dezala exijitzeko. Epaiketaren ostean, auzitegiaren erabakia salatu du aipatutako plataformak: "Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatu eta errepresioaren bidez isilarazi nahi duten instituzio eta enpresek aurrean izango gaituzte".

Protesta bihar, Beasainen

"Margoketak garbituko dituzte, baina ez dute inoiz haien aurpegia garbituko", gaineratu du: "Ezin dute horrelako epaiketekin arreta desbideratu, benetako kaltea ez baitute margoketek eta protestek eragiten; kaltea CAF bezalako enpresek eta elkartasuna kriminalizatu nahi duten instituzioek eragiten dute, Israelgo Estatuari ematen dioten babesarekin Palestinaren okupazioa, kolonizazioa, apartheida eta genozidioa ahalbidetzen dituztelako".

Palestinarekin Elkartasunak berretsi du, bestalde, "sionismoaren konplize diren Mendebaldeko enpresa, gobernu eta alderdiak seinalatzea" dela "palestinar herriari egin diezaiokegun ekarpenik handiena". Zentzu horretan, gogorarazi du mobilizazio bat antolatu duela biharko, Beasainen (Gipuzkoa): enpresako akziodunek batzarra egingo dute orduan, eta protestara deitu du plataformak. 11:15erako jarri du hitzordua, CAFeko hirugarren dibisioko sarreran.

NO HAY COMENTARIOS