ACTUALIDAD / Kaleko afari solidarioak

"Kale-egoeran dauden pertsonenganako jazarpena ikaragarria da, helburua baita haiek Donostiatik kanporatzea"

Kaleko Afari Solidarioetako (KAS) kideek gauero afaria banatzen diete Donostian kale-egoeran dauden pertsonei; Harrera Sarekoek, berriz, besteak beste, arropa lortzen laguntzen diete, gaztelaniazko edo euskarazko klaseak ematen dituzte eta laguntza ematen dute. Afarien banaketa debekatu zuen udalak uztailaren 28an, eta, joan den ostegunean, Egiako bizilagunen batek aire konprimituko pistola batekin tiro egin zion etorkin bati balkoitik. Bizitzen ari garen egoeraz hitz egin dugu Jon Barandirekin eta Ibone Calvorekin, KASeko kidea bata eta Harrerakoa bestea.
2026eko irailaren 14 - 11:04
"Kale-egoeran dauden pertsonenganako jazarpena ikaragarria da, helburua baita haiek Donostiatik kanporatzea"
Jon Barandi eta Ibone Calvo.

Afari solidarioen banaketa debekatu du udalak. Lehenago ere, Lo que no te cuentan de Donosti Telegram taldea mugitu zenean, etorri zen udalaren debekua. Ceutako gertakariak ikusita, uste duzue ideologia erreakzionarioak eraginda hartu duela neurria udalak?

Ibone Calvo: Bai, uste dut izan dela sareetan hasi zen zerbait, bizilagunengana iritsi zena, hortik hasi direla presioak, eta horregatik hartu duela erabakia udalak.

Jon Barandi: Aurrekari batzuk izan dira. 250-300 afari banatu izan ditugu gauero, hiru taldetan banatuta, Alde Zaharrean, Egian eta Amaran. Udala hasieratik deseroso dago egoera honekin. Alde batetik, bizilagunen egonezina dago, magrebtarrekiko dauden aurreiritziak, beldurrak... Udala beti saiatu izan da oztopatzen; ez da ausartu orain arte debekatzen, baina orain bai, egoera politikoa polarizatu egin delako. Nik uste hauteskunde-kalkuluak tartean sartzen direla jada. Guk horrelako analisirik ez dugu egiten, kalean zer janik ez daukan jendea dago, eta gu haiei afaria banatzeko gaude. Bizilagun batzuek ulertzen ez badute, sentitzen dugu: eseri gaitezen eta ea elkar ulertzen dugun, baina guk ez diogu hori egiteari utziko.

Zuen lanak arazoa ikusarazi egiten du.

J.B: Badakigu horrekin lortzen dugula presioa egitea udalari, horrelako sare batek lan egiten duenean agerrarazten baitu gabezia bat dagoela; Donostian 300 lagun kalean egon daitezkeela, ez lotarako ez jateko baldintzarik ez daukatenak, gizarte-laguntzarik gabe, erabat baztertuak. Ez baldin badira ikusgarri, existituko ez balira bezala da. Baina jende bat hasten bada haiei afariak ematen kalean, ikusi egiten da, zenbatu egiten da.

Ez dira bat ere egoera errazak, oso baldintza gogorrak dauzkate. Bizitza gordina da kalekoa, eta noski, egoera bortitzak sortzen dira. Guk ez genuke borrokarik egingo bokata batengatik, baina haien lekuan jarri behar da, bokata horrek aldatzen baitu ea gau horretan afalduko duten ala ez. Isilpean nahi luketena agerrarazten du KASek, eta erdigunera ekartzen denean arazoa, jendea kokatu egin behar da. Orain gertatu da debekuarekin. Gure lanak jendea alde batean ala bestean kokatu behar izatera eramaten du.

Aurreko ostegunean bertan, gazte bati balkoi batetik egin zion aire konprimituko arma batekin tiro Egiako bizilagun batek. Ideologia erreakzionarioa indartu egin dela esango zenukete? Aldaketa sumatu duzue horretan?

I.C: Esango nuke duela bi urtetik hona etengabeko zerbait izan dela. Etengabe jaso ditugu horrelako berriak: jipoiak kale-egoeran dauden pertsonei, udan beste pertsona bat tirokatu zuten balkoi batetik bizkarrean. Uste dut beti egon dela arrazakeria baina azken bi urteetatik hona asko areagotu dela sare sozialen eraginagatik. Gertatzen dena da, askotan, gertatutakoak gure artean bakarrik geratzen direla, pertsona horiek oso egoera zaurgarrian baitaude eta ez direlako ausartzen salatzera. Are gutxiago salaketa publiko bat jartzera.

J. B: Alde Zaharrean aspaldiko saiakerak izan dira bizilagunen partetik, edo ostalarien partetik, negozioa itsusten dutela esanez. Bada segituan Poliziari deitzen dion jendea.

Zuen jardunean nola bizi duzue hori?

I.C: Harrerako akonpainamendu bat egiten ari garenean beti nabaritzen ditugu bizilagunen begirada txarrak. Inguruko pertsonek esaten digute: "zergatik laguntzen diezu pertsona horiei?". Eta kalean erabiltzaileren batekin gaudenean, beti daukagu Polizia ondoan.

Horrez gain, udaltzain patruilak izaten dituzue segika. Nola aldatu da zuen jarduna debekuaz geroztik?

I.C: Beti izan dugu Polizia gainean pertsona hauekin egoteagatik. Akonpainamendu bat egitera goazenean eta norbaitekin kalean geratu garenean, Polizia hurbiltzen da. Beti egon den zerbait da hori. Orain, afarien debekuaren ostean, identifikazioak areagotu dira, eta ia egunero identifikatzen dituzte afaria banatzera ateratzen direnak. Hala ere, afariak banatzeko debekuen aurretik ere etortzen zen Polizia: afariak banatzen zituzten pertsonak bideoz grabatzen zituzten, eta galderak egiten zizkiguten.

Horrela agindu bazuen ere, udalak ez du alternatibarik martxan jarri, ez da?

I.C: Udalak esan zuen Otorduak II programa jarriko zuela martxan, Kaleko Afari Solidarioen alternatiba izango zela, eta jendeak aukera izango zuela programa horren bidez afaria jasotzeko. Baina ez da horrela izan. Otorduak I programak itxaron-zerrenda bat zeukan, 100 pertsonakoa, eta ezin zen jende gehiago sartu, aspalditik. Zerrenda horretako jendeari hasi dira afariak ematen, ez dakigu zenbati, baina dakiguna da afari solidarioetara joaten den jendeari ez diotela ezer ere eman.

Gainera, guri taperrak ematea debekatzen digute, baina Otorduak II programak jasotzen duena da jendea tabernaren batera joatea eta poltsa bat jasotzea bertan, taper batekin. Otorduak I-en, tabernan bertan jan zezaketen behintzat, baina programa berriarekin kanpora joan behar dute. Donostiako Udalak esaten zuen, bestalde, KASek emandako harrera ez zela nahikoa erabiltzaileek ibilbide laboral bat egiteko, gu instituzio bat bagina bezala, baina haiek eskaintzen duten alternatiba da taberna batera joatea, jendez beteta dagoena, eta poltsa bat jasotzea. Zer nolako ibilbide egiten duzu hor pertsona horrekin?

Babesa jaso duzue. Manifestaldi jendetsua egin zenuten, eta jendea erosketa-orgekin ere atera da protestara. Nola ikusten duzue aurrera begira egin beharreko lana?

J. B: Debeku bakoitzak egoera zailtzen du. Aurrekoan, leku zehatz batean banatzea debekatu ziguten. Lekuz aldatu ginen eta jarraitu egin genuen. Baina, aldiro, debekuek zailtasun bat gehitzen dute. Lehendik ere oso exijentea da lan hau, eta ez gabiltza jendez sobera. Nahi duen oro anima dadila ekarpena egitera, beharra dago eta.

Udalak afariak eremu publikoan banatzea debekatu zuenean, Alde Zaharrekoei bururatu zitzaien bokatak modu ibiltarian banatzea, horrela ez baitugu leku publikoa "okupatzen". Gure poltsarekin joaten gara, han eta hemen ogitartekoak banatuz. Haien erantzuna, ordea, udaltzainak bidaltzea eta ogitartekoak banatzen ari zirenak identifikatzea izan zen. Guk jarraitu egin genuen, eta erantzun bat sortu zen. Udan oihartzun handia izan du honek, noski, oso itsusi geratzen baitzen: "Polizia kalean bokatak banatzen dituen jendea identifikatzen". Orduan, azken hamar egunetan, udalak bertan behera utzi ditu identifikazioak. Hurbiltzen dira udaltzainak, baina ez gaituzte identifikatzen. Hala ere, ez dakigu hurrengo pausoa zein izango den; identifikatuta gaudenoi isunak etorriko zaizkigun ala ez, zein neurri hartuko duten debekua eraginkor egiteko.

Zuek zeren beharra ikusten duzue?

I.C: Jantoki sozial bat beharrezkoa ikusten dugu, Donostian ez baitago bat bera ere. Hori da hasieratik KASek izan duen aldarria. KAS desagertzeko sortu zen, zeren lan hori instituzioren batek egin behar baitu, ez guk. Gu desagertzeko sortu gara, baina alternatiba erreal bat ematen dutenean.

Horrez gain, momentu honetan, Donostian ez dago kale-egoeran dagoen pertsona bati lehen harrera egiten dion inor. Boluntario-sare bat da dagoena. Beraz, pertsona bat kale-egoeran geratzen denean, afari solidarioetara joaten da, edo gure telefonoa lortu eta guri idazten digu bestela.

Donostian kalean egotea oso gogorra da. Pertsona hauek ez dute Herrerako fabrikan edo Martuteneko eskolan bizi nahi, non ezin duten lasai lo egin ere; Polizia gaueko edozein ordutan joaten zaie, sirenak jarri eta denak esnatzen ditu nahita. Kale-egoeran dauden pertsonenganako jazarpen poliziala ikaragarria da, helburua baita haiek Donostiatik kanporatzea, eta hori argi dago. Kaleko Afari Solidarioak debekatzen hasi da udala, gero eta desalojo gehiago daude, baliabideak gero eta gehiago mugatzen ditu, eta eskakizunak egiten dizkie.

Gaur egun kale-egoeran dagoen pertsona batek bi urte inguru igaro behar ditu kalean [baliabide sozialetara sarbidea izateko], eta oso zaila da ikasten hastea, ez baitaukate baldintzarik. Gero, kale-egoeratik ateratzen direnean, ikasten dute; lan bat lortzen dute, beraien bizitza aurrera ateratzen dute, erregularizatzen dira, beraien ametsak betetzen dituzte, beraien herrialdetara itzultzen dira beren familiarekin egotera. Nahiz eta KASetik eta Harreratik oso egoera larriak ikusten ditugun, gero oso polita da ikustea nola pertsona batek paperak lortzen dituen edo nola joaten den bere familia ikustera.

Bi aukera egon daitezke, gizarte-politiketan inbertitzea ala Polizian.

J.B: Hemen bada kontu bat alderdi politiko guztiek aipatzen dutena, berdin du zein joeratakoa den: gizarte-politikak bai, baina zenbat? Diotenez, "ehuni emanez gero, berrehun etorriko dira, eta berrehuni emanez gero, beste ehun etorriko dira". Ceutako gertakarietan ikusi dugu Marokoko erregeari eta haren gorteari bost axola zaiela haien jendea miserian bizitzea. Eta, bitartean, hemen negozioa egiten ari dira Marokorekin. 

Kalean bizitzea oso gordina da: kontsumoak hasten dira egora eramangarriagoa egiteko, alkoholean erortzen zara, burua galtzen duzu, helburua galtzen duzu, liskarretan sartzen zara, Polizia duzu atzetik. Erantzun poliziala oso bortitza izaten da. Magrebtarren kontrako neurriz kanpoko interbentzioak ikusi ditugu.

Udalaren erabakia da: ez dute gehiago gastatuko gizarte-politikan, eta Polizia bidaltzen dute arazoa konpontzeko. Baina Poliziak modu bakarra dauka arazoak konpontzeko, eta denek dakigu zein den. Ikusezinak direnez, ez du inporta; gurekin Polizia ez da horrela sartzen. Haiekin izaten ditugun eztabaidak etengabeak dira; "delitugileen konplizeak", hori gara gu.

Poliziak etengabe kanporatzen ditu dauden lekuetatik. Sasoi honetan, jada, hasi zaizkigu oihal-etxeak eskatzen. Behar oinarrizko-oinarrizkoak dira. Dena den, oihal-etxea lortuta ere, litekeena da handik hiru hilabetera udaltzainak joatea eta hura txikitzea.

KAS, Harrera Sarea eta herriko jendearen presioak lortu du udala bultzatzea erabaki batzuk hartzera.

J.B: La Sirena aterpetxea neguan kalean dagoen jendearentzat irekitzea negoziaezina zen. Baina hortik bi urtera lortu dugu. Herreran pabiloi batzuk daude okupatuta eta bat hustu zuten, baina lortu zen gero hango pertsona batzuei lekua egitea La Sirenan. Hori ere presioari esker lotu zen. Udalak esana zuen, KASeko jendearekin biltzean, ez zuela bere gizarte-politikan gehiago inbertituko, inguruko herriei dagokiela laguntzea. Orain, Jaurlaritzaren 50.000 euroko laguntza bat lortu dute Otorduak II programa martxan jartzeko.

KAS eta Harrera Sarearen ahalegin nekaezinik gabe, hori dena ez zen lortuko. Haiek ere jartzen ditu erantzun bat eman beharrean, motza dena beti. Baina ikusten dugu gure lanak deseroso jartzen dituela. Azkenean, aspaldiko partez, Donostia aldeko zortzi udal elkartu dira denen artean hitz egiteko ea zer gizarte-politika adostu daitekeen. Aspaldiko asmo bat zen hura, azkenean, presioari esker eta oihartzunari esker lortu dena.

I.C: Hala ere, askotan elkartzen dira, baina gero ez dago erantzun errealik. Ea alternatiba hori zer den, ea nola aplikatzen den eta ea behar duten pertsonei iristen zaien ikusi beharko da.