ACTUALIDAD / Represión
Josu Zabalaren heriotza argitzeko ekimena sortu dute: Egia Ilunpetik Argira
1997ko martxoaren 23an desagertu zen militante etxarriarra, eta handik lau egunera aurkitu zuten hilik Debako Mendata gainean. Egia Ilunpetik Argira plataforma sortu dute gertakariak argitzeko, salatuz instituzioek ez zutela ikerketa sakonik egin bere momentuan.
2026eko apirilaren 21 - 08:22
Josu Zabalaren heriotza argitzeko ekimena sortu dute: Egia Ilunpetik Argira
— ARGAZKIA Naiz

1997ko martxoaren 23ko arratsaldean ikusi zuten azkenekoz Josu Zabala Basajaun ETAko militantea, Bilboko udaletxe ondoko La Tortilla tabernatik hurbil. Erakundeko beste kide batekin zeukan hitzordua bertan, baina ez zen agertu. Orduan galdu zioten aztarna. Aurten jakinarazi dute lekuko batek "bizkor eta urduri" ikusi zuela Areatza inguruan 14:00ak aldera, eta Zabalaren gertukoek beti defendatu dute han bahitu zutela Espainiako Estatuko polizia-indarrek. Etxarriarra martxoaren 27an aurkitu zuten Debako Mendata gainean, tiroz hilik.

Bertsio ofizialak jaso zuen bere buruaz beste egin zuela Zabalak. Gertakariak argitzeko sortu duten Egia Ilunpetik Argira ekimeneko bozeramaile Amaia Erdoziak, baina, desagerpenaren urteurrenean gogorarazi zuen garaian "jakinarazi ziren datuek zalantza handiak eta arrazoizkoak sortu" zituztela, "bertsio horren egiazkotasuna" kolokan jarriz. "Auzia ez zen behar bezala ikertu, eta, 29 urte geroago, zalantza horiek ez dira argitu", zioen. Joan den igandean aurkeztu zuten Egia Ilunpetik Argira dinamika Basajaunen jaioterrian, Etxarri Aranatzen, eta seinalatu zuten gertakariei buruzko "ikerketa oso arina" egin zutela bere momentuan instrukzio-fasea gidatu zuten poliziek eta epaileek. Horiek horrela, "instituzioek egin gabe utzi zuten ikerketa egin eta Josuren heriotzaren atzean dagoen egia azaleratzen saiatzea" da helburua.

"Bertsio ofizial bat egon zen, baina ez zituen inolaz ere gertakizun haien zantzu guztiak azaltzen, eta familiak ez zuen inoiz sinistu", dio Erdoziak. Ikerketa bati ekin dio berriki Pako Aristi kazetariak, eta Basajaun 1997 dokumentala ere ekoitzi dute oraintsu. Duela zenbait hilabete azaleratu den lekukotza berria urrats bat da Zabalaren heriotzaren inguruko ikerketan, eta testigu bila segitzen dute.