ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Salto
2025/09/15 13:54

Jorge Jimenez militante madrildarra ekainaren amaieran atxilotu zuten, "sekretuak ezagutaraztea" eta "dokumentuak faltsutzea" leporatuta, Espainiako Estatuko mugimendu sozialetan infiltratutako poliziei buruz egindako ikerketengatik. El Salto-k astelehen honetan jakinarazi duenez, faltsutzeagatiko inputazioaren oinarria salatu du Jimenezen abokatu Daniel Amelangek: esan du Jabetza Erregistroan helburu juridikoetarako ohar sinpleak eskatzean oinarritzen dela. Jimenezek, gainera, aldarrikatu du legitimoak direla egindako azterketak.

Sekretuak ezagutarazteagatiko akusazioari dagokionez, infiltratu polizialei buruzko informazioa sare sozialetan zabaltzean sostengatzen da, nahiz eta etxebizitza espezifikorik jakinarazi gabe egin den; eta hori, Zigor Kodearen eta defentsaren arabera, ez da inolako delitua, balizko "arau-hauste administratiboa" baizik, nolanahi ere. Horrez gain, epaile batek ez zuen onartu telefono mugikorreko informazioa froga gisa erabiltzeko eskaera poliziala, neurriz kanpokoa eta pribatutasunaren aurkakoa zela iritzita.

Madrilgo zenbait mugimendu sozialetako militantea da Jimenez, eta jada deseginda dagoen Distrito 14 kolektibo antifaxistaren sortzaileetako bat. Hainbat urtez seinalatu dute agintaritzek, legez kanpoko polizia-jardunbideen ikerketetako erreferentzia gisa. 2016az geroztik, infiltrazio kasuak dokumentatzen lan egin du, hala nola Sergio G.A. eta Carlos P.M. agenteena, zeinen espioitza-ekintzak Jimenezek berak, hainbat erakundek eta komunikabide alternatibok publikoki salatu baitituzte.

Jimenezek aktiboki parte hartzen du infiltrazio-metodoak identifikatzeko eta azaltzeko ekimenetan, infiltratutako poliziak atzemateko militanteentzako eskuliburu baten argitaratzean barne. Berak eta bere ingurukoek salatu dute jazarpen politikorako saiakera bat izan dela bere atxiloketa, beldurra hedatzeko helburuz. Izan ere, bere egoerak erakusten du infiltrazio horien onarpen eta aitortza falta Espainiako Estatuan, eta atxilotuak berak azpimarratu du jazarpenaren helburua dela "legez kanpoko polizia-jarduerak agerian uzten lagundu dutenak pertsonalki zigortzea".

NO HAY COMENTARIOS