"Hilabeteetan zehar ezin saihestuzkoa atzeratzen joan eta gero jada EPPKrekin identifikatua sentitzen ez nintzelarik, inoiz bizitzerik uste izan ez nuen unea iritsi da: nire militante bizitzan leku oso garrantzitsua izan duen EPPKko militante izateari utzi diot". Hala jakinarazi du Jesus Mari Etxeberria Goierri preso politikoak Zaballako (Araba) espetxetik. Arrazoi politikoengatik utzi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK), eta bere erabakia xehatu du azaroaren 10eko data eta Amnistia-Etxera izenburua daramatzan idatzi batean.
Hamarkada batzuk atzera eginez hasi du bere azalpena, 1977an hildako bere lehengusua gogoan; Jokin Zaizar Garaikoetxea ETA (PM)ko militantea. "Kolpe mingarri hori izan zen nire konpromezu borrokalaria piztu zuena", dio: "Jokinek 20 urterekin isuri zuen odolaz sendotu zituen gure herriaren ikur den haritzaren sustraiak. Baina gaur egun, eroritako kide askoren gisan, ahazturan daukate bere jaioterri den Iruran (Gipuzkoa)". Goierrik, hala, beharrezkotzat jotzen du "Jokinen nahiz eroritako burkide guztien memoria", eta "agur maitakor bat helarazten" die "borrokan eroritako Peru, Gude, Rafa, Arrantzale, Mikel eta Egoitz gudari oreretarren senideei".
Kritika EPPK-ren politikari
Horrekin batera, EPPKren gaur egungo jarduna kritikatzen du Etxeberriak bere azalpen-idatzian: "EPPK bere 'Etxera' oihuarekin burutzen ari den bidea 'Sálvese quien pueda' deritzan politika baino ez da, bere horretan espetxetik irtetea soilik bilatzen duena. Gogorra suerta daiteke hala adieraztea baina hauxe da kartzeletako egunerokotasunean bizi dugun errealitate gordina. Hau guztia ibilbide politiko historiko baten erabateko ukapena bilakatu da, baita espetxe sistemaren (kalera ateratzeko baimenak, espetxe lanak, justizia errestauratiboa…) bete-beteko asimilazioan nahiz norbera izan denarekiko lotsaraztean ere".
Presoak horren adibide garbitzat dauka "ongietorriak bertan behera uzteko erabakiari oniritzia eman zion EPPKren agiria, Euskal Preso Politikoak euren herrietara gordeka eta gizatxar batzuen pare itzul zitezen onartzen zuena". Palestinako sarraskiaren aurrean kolektiboak hartu duen jarrera ere esanguratsua da Etxeberriaren ustez, "EPPKren konpromezu eta elkartasun eza" salatu baititu. "Ez du salaketa edo elkartasun hitz bakar bat ere adierazteko gaitasunik izan. Horrek guztiak atzean gordetzen duena beldurra da, espetxe irteerak kolokan jartzeari beldurra, eta espetxe batzorde nahiz epaileekiko beldurra", iritzi dio.
"Mingarria da askapen borrokarekiko ukoa zein muturretaraino iritsi den egiaztatzea eta zein lotsa gutxi dagoen horretarako. 'Justizia' espainiarrarekin onartzen diren akordioez ari naiz, espetxea saihestu asmoz denetariko umiliatzeak onartzen direlarik. Eta gainera herriari garaipen gisa salduz, erabateko asimilizazioa eta zapalkuntzan oinarritzen den 'elkarbizitza' baterako bidean denean", sakontzen du preso politikoak: "Hau guztia zein ukapen mailatara iritsi den ikusteak zer pentsatua ematen du, Euskal Herria ukatzen eta zapaltzen dutenek (ez ahaztu, oraindik borrokan jarraitzen dugu) ez zuten irudikatuko euren ametsik onenean ere ezartzen diguten zapalkuntzarekiko hain erantzun eskasik".
Goierrik gaineratzen duenez, "sasiborrokalari poltroneroek bultzatutako kaleen indargabetzeak erraztu du hori". Gogor kritikatu ditu erantzule horiek: "Borroka honetan izan duten konpromezua ez da inoiz igaro txoznetan kalimotxoak edan osteko lau oihutatik edo txokoan tripa bapo beteta iraultzez hitz egitetik harago. Ba al daki inork zertan den garaian agindu ziguten desobedientzia zibila? Ondo legoke kartelak jartzea hartaz galdezka".
"Amnistia hitza debekatuta dago"
"Noizbait, aspaldi, esan zidan kide batek, gure herriaren arazo nagusia borrokan ziharduenaz jabetze eza zela", ekarri du gogora oreretarrak. Eta saminez salatu du "gaur egun amnistia hitza debekatuta" dagoela, "guztiz madarikatua". "Orain bere aipamen hutsak goragalea eragiten dio duela gutxira arte 'PRESOAK KALERA AMINISTIA OSOA' eztarria urratzeraino oihukatzen zuen askori", uste du Etxeberriak. Horren aurka, baina, amnistiaren garrantzia politikoa aldarrikatu du: "Gaur, inoiz baino gehiago, amnistia eta askatasuna leloak borroka, harrotasuna, sakrifizioa eta eskuzabaltasuna ditu esanahi. Batzuek ikusiko ez badugu ere, gure herriak ikusiko du argia, izatekotan aministiaren bidetik lortuko baita".
Horrekin batera, EPPK uzteko erabakia hautu kontsekuente bat dela erakutsi du Goierrik: "Badakit lerro hauek irakurrita deabru berrien taldean sartuko nautela batzuek, errealitatetik kanpo egotea, euren jarduna osoki maiseatzea, zutik eutsi nahi izatea, nahiz fronte honetara ekarri gintuen zorioneko erokeriari uko ez egitea leporatzen zaienen taldean hain zuzen". Eta honela amaitzen du idatzia: "Erretxin horientzako guztientzako nire erantzun apala, behin hain faltan botatzen dugun EGIN egunkarian irakurri nuen hauxe: 'Pertsona esklabuak bere askatasunaren alde borrokan dirauen pertsonaren begirada gorroto du'. On egin".