ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/10 08:38

Joan den larunbatean, berriz atera dira kalera ia 3.000 pertsona Iruñean (Nafarroa), Erorien Monumentua eraitsi dezatela eskatzeko. "Azaroaren 8ko manifestazio jendetsuaren ostean, argi geratu da eraispenaren aldeko eta Erorien adieraberritzearen aurkako aldarri popularra", nabarmendu dute mobilizazioa antolatu zuten elkarte memorialistek. Azaldu dute manifestazioan izan zirela "gehiengo sindikala, kolektibo sozialak eta gazte-kolektiboak", eta horrek guztiak erakusten duela Erorien Monumentua "eraisteko eskaria ikaragarria dela Nafarroako ezkerreko gizartean".

Hala, berriz eskatu diote Iruñeko Udalari bertan behera utz dezala oroigarri frankistari "beste esanahi bat emateko" prozesua. Azken mobilizazioa eta jaso duen babesa zein handiak izan diren ikusita, elkarte memorialistek diote PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk "zuzendu" egin beharko luketela euren jarrera. 33 elkartek egin dute bat larunbateko mobilizazioa antolatu zuen plataforman.

Deitzaileek gogora ekarri dute, gainera, Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) berriki esan duela "herritarren parte-hartzea Iruñearen nortasun-zeinua" izatea nahi duela. "Une egokia da hori erakusteko eta eztabaida serio eta zorrotza irekitzeko. Baina aukera guztiak mahai gainean egon behar dira, 2018ko ideien lehiaketan bezala, non hobekien baloratutako ideia Erorien eraispena izan zen", diote elkarte memorialistek: "Eztabaida adieraberritze-proiektuari buruzkoa baino ez bada, eztabaida tranpatia da, eta Iruñeak ez dio ohore egingo bere nortasun-zeinuari".

Antena 3-ek egindako kriminalizazioaren kontra

Antena 3 telebista-kateak, larunbateko mobilizazioaren berri ematean, "ezkerreko erradikalen eta Poliziaren" artean "liskarrak" izan zirela asmatu zuen. Hori gezurtatu dute manifestazioaren antolatzaileek. "Zoritxarrez, beti dago errealitatea bere nahiekin nahasten duen eta istiluak eta desordena ikusten dituen itzalen bat, jai-giroko manifestazio antifaxista batean", salatu dute: "Ozen eta argi oihukatu genuen atzoko, gaurko eta biharko faxismoaren aurka, gure aitona-amonek egin zuten bezala".

"Zoritxarrez, ez gaitu harritzen. Francok eta bere jarraitzaile eskuindarrek ere manipulazioa erabili zuten 36ko kolpea prestatzeko, gure aitona-amonen borroka kriminalizatuz", seinalatu zuten: "Orain, faxismoa zabaltzeko bide bera jarraitzen dute. Faxismoaren aurka borrokatzen duen gazteria antolatu bat kriminalizatu nahi dute eta Erorien eraispenaren aldeko gure bidezko aldarrikapenean zatitu".

Horiek horrela, elkarte memorialistek "irmotasunez gogorarazi" dute frankismoaren biktimek aukera dutela, Memoria Demokratikoaren Legearen barruan, Memoriaren Fiskaltzara jotzeko eta "biktimen duintasuna iraintzen duten buloak" salatzeko, kasu honetan bezala.

NO HAY COMENTARIOS