ACTUALIDAD / Represión
Iranekin Batek salatu du bi kide atxilotu dituela Espainiako Poliziak, Israelekin elkarlanean
'El Confidencial'-ek dio Espainiako Polizia hainbat pertsona ikertzen ari dela, "Hezbollahrekin loturak" izatea leporatuta. Tartean daude bilbotar bat eta getxoztar bat, eta atzo atxilotu eta eraman zituzten Auzitegi Nazionalera.
2026eko ekainaren 17 - 05:55
Iranekin Batek salatu du bi kide atxilotu dituela Espainiako Poliziak, Israelekin elkarlanean
— ARGAZKIA Iranekin Bat

Iranekin Bat kolektiboak astelehenean jakinarazi zuen, sare sozialen bidez, bi kide atxilotu nahi zituela Espainiako Poliziak, Israelen esku-hartzearekin. "Polizia Nazionalak, Israelekin elkarlanean, Iranekin Bateko bi kide atxilotu nahi ditu, Gazako genozidioaren aurrean isilik ez egoteagatik. Ez dugu barkamenik eskatzen Gazako haurrei eta haiei laguntzen dietenei ahotsa emateagatik. Sorgin-ehiza hemen dago", salatu zuen X atarian. Bada, atzo bertan atxilotu zituzten biak, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Sumarioa isilpean mantentzen dute oraindik.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/IranekinBat/status/2066924842050277471

El Confidencial egunkariaren artikulu bat ere zabaldu zuen argitalpenean Iranekin Batek, bertan aipatzen baita Espainiako Poliziako Informazio Komisaria Nagusia hainbat pertsona ikertzen ari dela, "Hezbollahrekin loturak" izatea egotzita. Kolektiboak zehazten zuenez, ikertuen artean daude Bilboko (Bizkaia) eta Getxoko (Bizkaia) kide bana, eta "Iranen aldeko euskal komitean" parte hartzeaz gain, Palestinako preso politikoekin elkartasunez jarduten duen Samidoun elkartasun-sarean ere egiten dute lan, besteak beste.

Hainbat kolektibok, tartean Palestinarekin Elkartasuna plataformak, bi bizkaitarren atxiloketa salatu zuten atzokoan. "Gaur bi pertsona atxilotuak izan dira palestinar eta libanoar erresistentzia antisionistari babesa erakusteagatik eta une honetan Auzitegi Nazionalera eramanak izaten ari dira", zioen atzo arratsaldean Palestinarekin Elkartasunak.

Itxura denez, Telegrameko Frontflict kanala kudeatzen du atxilotuetako batek, El Confidencial-en artikuluan nabarmentzen den plataformetako bat: "Hezbollahren propaganda-kanal" gisa seinalatzen dute. "Auzi palestinarra diabolizatzeko muntaia honetan, Reza Zabib enbaxadore irandarrak eta irandarraren langileek (@IraninSpain) ekainean Euskal Herrian egindako lau hitzaldiak zein Espainiako Itzuliari boikota egitea leporatzen diete, baita 'ETA babestea' ere", gaineratzen zuen Iranekin Batek.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/IranekinBat/status/2066813637579178306