ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/14 10:58

Joan den uztailaren 19rako zegoen emanda Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxea husteko agindua, eta Langile Kontrolpeko Espazioa defendatzera deitu zuen Zestoako Gazte Asanbladak. Aurretik hamaika aldiz egin bezala, hainbat eta hainbat lagun bertaratu ziren Zestoara egun horretarako, Gaztetxea babesteko asmoz. Elkartasun antolatuaren bidez, hala, desalojoa gelditzea lortu zuten: Polizia ez zen joan, ezta segizio judiziala ere.

"Denbora honetan guztian Euskal Herri osotik iritsi zaizkigun elkartasun keinu eta ekimenengatik, eta borrokak hartu duen garrantzia ikusita, Elizak ezin izan dio antolakuntzaren bitartez sortutako elkartasun-indar honi aurre egin", adierazi zuen orduan Zestoako Gazte Asanbladak.

Gazteek berriki azaldu dute, baina, Gaztetxea husteko data berri bat jakinarazi dietela berriki: espazioa irailaren 11n desalojatzeko agindua igorri dute. "Elizak, bere aldetik, asanblada eraikinetik kanporatzeko asmoarekin jarraitzen du", salatu dute.

"Garbi gera dadila oraindik ere arrisku egoeran jarraitzen dugula, eta beraz, ezinbestekoa dela epe laburrean auziari irtenbide egoki bat ematea", ohartarazi du asanbladak.

Borrokak merezi du

Zestoako Gazte Asanbladak gogorarazi du uztailean erakutsi zutela "espazio politikoen defentsan antolakuntzak eta borrokak duten garrantzia". "Orain arte egindako borrokak fruituak eman ditu", asanbladako kideek gaineratu dutenez: "Aste hauetan, egoerari irtenbide bat emateko asmoz, udalarekin elkartzea eta negoziaketa batzuk martxan jartzea lortu dugu".

Dena den, gogoan izan dute 6.500 euroko kalte-ordainak hartu beharko dituztela euren gain, Zentroko Gaztetxearen birjabetzea dela-eta. Zigor horri aurre egin ahal izateko, hainbat ekimen antolatuko dituzte, eta horietan parte hartzera deitu dute. "Gaztetxearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi dute beste behin ere.

NO HAY COMENTARIOS