ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/13 22:01

Zer dela eta joan zinen Valentziara?

Suhiltzaile bezala, gure lanak zein kontzientziak eskatzen diguna da jendeari laguntzea, eta horrelako larrialdi handietan, elkar laguntzen dugu suhiltzaile-zerbitzu desberdinek. Lehen unetik zegoen argi laguntza beharko zutela Valentzian, eta urriaren 30ean bertan, DANAren hurrengo egunean, leku eta zerbitzu ugaritan egin genituen hara laguntzera joateko prest geunden suhiltzaileen zerrendak. Azaroaren 2ra arte ez zen laguntza onartu, ordea.

Suhiltzaileez gain, orotariko langileak mobilizatu dira Valentziara joateko: kaleko garbitzaileak, iturginak, elektrikariak, kamioilariak, hondeamakinekin aritzen diren langileak, mediku eta erizainak…

"DANAren hurrengo egunean, leku eta zerbitzu ugaritan egin genituen hara laguntzera joateko prest geunden suhiltzaileen zerrendak. Azaroaren 2ra arte ez zen laguntza onartu"

Nafarroako suhiltzaileak eta beste hamaika langile azaroaren 2tik ari zarete lanean Valentzian, erreleboka. Zer topatu duzue bertan? Zein da egoera eta nola sumatu duzue jendea?

Egoera katastrofiko bat aurkitu dugu; larrialdi bat baino, gudu-zelai bat. Klase-borrokarako gudu-zelai ere bilakatu da Valentzia. Alde batetik, sekulako klase-elkartasuna antolatu da modu espontaneo batean, ehunka eta ehunka boluntario ari baitira bertan lanean. Boluntarioak etxez etxe joaten dira bizilagunei behar dutena eskaintzen; larrialdi-zerbitzuei une oro ematen digute behar duguna; kaleak garbitzen eta sortzen den edozein lan egiten ari dira. Gehien gustatu zaidana bertako bizilagunen jarrera izan da, etxe guztietako ateak irekita baitzeuden edonorentzat janaria, ura, atseden hartzeko toki bat eta beste edozein gauza emateko.

"Sekulako klase-elkartasuna antolatu da modu espontaneo batean, ehunka eta ehunka boluntario ari baitira bertan lanean"

Bestetik, ordea, eta testigantzek argi uzten duten bezala, enpresarien irabaziak zein ordena soziala bermatzeko klase-ofentsiba ikusi dugu azken asteetan: jendea bere lanpostuetara bidali izana kaleak hondakinez beteta egon arren, hoteletako prezioak igo izana boluntarioen etorreragatik, etxegabetze bat gauzatu izana Bartzelonan abisu metereologikoa egon arren, karga polizialak gertatu izana azaroaren 9ko Valentziako manifestazioan, erregearen eta presidenteen bisiten harira setio polizial-militarra ezarri izana, boluntarioak merkataritza-guneak garbitzera bidali izana…

Ekaitzaren egunean, beharrezko prebentzio-neurriak hartu zirela uste al duzu? Eta zergatik kostatu da hainbeste gerora Valentziara laguntza sartzea?

Nahiz eta laguntzaren beharra agerikoa izan, Valentziako Generalitateak ez zuen laguntza onartu lau egun igaro zirenera arte. Frantziako 250 suhiltzaileren laguntza ukatu izana da horren adibide entzutetsuena. Politikari profesionalen interes alderdikoiak pertsonen bizitzen gainetik jarri dituzte, eta horregatik kostatu da hainbeste edonolako laguntza onartzea.

"Logika kapitalistak aurre egiten die prebentzio-plan, protokolo, neurri eta gomendio guztiei"

Prebentzio-neurriei dagokienez, nire ustez, gizarte kapitalistan ez dago prebentzioa bere osotasunean garatzeko aukerarik, eta DANAk agerian utzi du hori. Irabazi kapitalistak handitzea helburu duen gizarte batean, ezin dira biztanleen segurtasuna eta ongizate unibertsala bermatu, logika kapitalistak aurre egiten baitie prebentzio-plan, protokolo, neurri eta gomendio guztiei: urak har ditzakeen zonaldeetan eraikitzea, abisu metereologikoekin bat datozen babes-neurriak ez hartzea langileak babesteko, lanera joatera behartzea kaleak suntsituta daudenean…

Valentziako Generalitateak 2023an desagerrarazi zuen Valentziako Larrialdien Unitatea, oinarrizko larrialdi-zerbitzuen murrizketa gisa. Zein egoeratan daude larrialdi-zerbitzuak?

2008ko krisitik, bai eta lehenagotik ere, nonahi izan dira etengabeak suhiltzaileen borrokak, lan-baldintzak, beharrezko materiala eta pertsonala bermatuta egon daitezen. Armadak adibidez sekulako baliabide materialak eta giza-baliabideak dituen bitartean, larrialdi-zerbitzuetan baldintza operatibo minimoetan eta baliabide minimoekin ari gara lanean, eta horixe da joera: markatutako gutxieneko baliabideekin aritu behar izatea.

"Armadak adibidez sekulako baliabide materialak eta giza-baliabideak dituen bitartean, larrialdi-zerbitzuetan baldintza operatibo minimoetan eta baliabide minimoekin ari gara lanean"

Horixe da egoera suhiltzaile-parke ugaritan. Nik lan egiten dudan parkean, adibidez, zehaztuta dago gutxienez hiru suhiltzailek egon behar dugula txanda bakoitzean, eta horixe izan ohi da egoten garen langileen kopurua; minimoa.

Valentziako Larrialdien Unitatearen desegitea, kasu honetan, dualtasun horren adibide nabarmen bat da: baldintza minimoetan dauden larrialdi-zerbitzuak, soberan dauden baliabide militarren aurka, bai giza-baliabideak bai logistikoak.

Masa-komunikabideak eta estatu-aparatuak etengabe ari dira armadaren eta polizia-indarren lana goraipatzen.

Pandemian gertatu bezala, larrialdi handi bati erantzun militarizatu eta polizial bat ari dira ematen. Izan ere, alde batetik, baliabide polizial eta militarrak ordena soziala bermatzera bideratzen dituzte, Valentziako hainbat adibidetan ikusten den bezala. Bestetik, armada eta indar polizialak zuritzeko eta normalizatzeko erabiltzen dira horrelako larrialdi handiak; nolabait beren existentzia legitimatzeko, eta beren benetako izaera errepresiboa zein inperialista ezkutatzeko.

"Larrialdi handi bati erantzun militarizatu eta polizial bat ari dira ematen"

Hondamendiaren erdian, patruila faxistak ikusi ditugu martxan Valentzian: pertsona migranteak kriminalizatu dituzte, oinarrizko laguntza jaso behar ote duten ere zalantzan jarriz. Zer iruditzen zaizu batzuek laguntza azalaren kolorearen eta nazionalitatearen arabera ematea edo ukatzea?

Niretzat oinarri minimo bat da larrialdi-zerbitzuen irismenak eta ematen den laguntzak kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izan behar duela. Nonahi ikusten ari gara nola ari diren hedatzen eskuin muturreko ideia baztertzaile eta diskriminatzaileak, baita Valentziakoa bezalako larrialdi-egoera batean ere, eta uste dut ezinbestekoa dela ideia horiei eta eskuin muturrari berari aurre egitea.

Zure ustez, zeintzuk dira gertatutako hondamenaren erantzuleak?

Bi erantzule nagusi bereiziko nituzke: enpresariak eta politikari profesionalak. Enpresaburuak, DANAren abisua emanda zegoenean ere, langileak lanean jarraitzera behartu zituztelako, euren bizia zuzenean arriskuan jarriz. Eta hondamendia gertatu ondoren ere jarrera bera mantendu dutelako.

"Politikariek interes elektoralak jartzen dituzte langileen bizitzen gainetik"

Politikari profesionalak, beste hainbat larrialdi-egoeratan bezala, egia ezkutatu dutelako eta modu pasiboan aritu direlako DANA izan aurretik. Eta kaltetuentzako laguntza atzeratzen eta oztopatzen jardun dutelako gero. Gainera, urak har zitzakeen eremuetan etxeen eraikuntza baimendu zuten lehenago. Politikariek interes elektoralak jartzen dituzte langileen bizitzen gainetik.

NO HAY COMENTARIOS