ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/02 13:16

Arabako suhiltzaileek denbora luzea daramate borrokan, sektorean egiturazko arazoak direnak konpon ditzaten. Hainbat astez luzatu zen greba bat egin zuten udan, besteak beste, plantilla zabal zezatela eta lan-hitzarmena berritu zedila exijitzeko. Zortzi urte dira ituna agortu zela, eta urtebete baino gehiago darama langile-batzordeak zuzendaritzarekin biltzen.

Azken elkarrizketetan, zuzendaritzak proposamen bat helarazi die suhiltzaileei, "orain arte izandako negoziazioa errespetatzen ez duen 'azken negoziazio-proposamentzat' jo duena", langileen esanetan. "Lortutako akordioak ezabatu ditu eta idazketa murriztaileagoak proposatu ditu, nahiz eta jarrera horiek inoiz ez dituen negoziazio-bileretan defendatu", azaldu dute. Gainera, azken proposamen hori "dekretu bidez onartzeko" eta "negoziazioa ixteko" mehatxua egin du.

Aldundiko gainerako funtzionarioen eskubide berak

Horren kontra, langileek berriz egin dizkiote hainbat eskaera zuzendaritzari, iazko abenduan egindakoen zentzu berean. Akordio bat sinatzera eta negoziazio-prozesuari amaiera ematera deitu dute berriz, eta beste irtenbide bat ere atera dute mahaira: "Arabako suhiltzaileak aldundiko funtzionarioak izango bagina, Erakunde Autonomokoak izan beharrean, aldundiko langileen hitzarmen bera izango genuke automatikoki".

Gogorarazi dute, hain zuzen ere, horixe izan dela hainbeste irauten ari den negoziaketa-prozesuan azpimarratutako ideietako bat: aldundiko beste beharginek dituzten eskubide berak exijitzen dituzte. "Ez ditugu aldundiko gainerako langileek baino eskubide gehiago nahi, baina ez dugu gutxiago onartuko", azaldu dute.

Plantilla ez da nahikoa

Arabako suhiltzaileek berriz ohartarazi dute, bestalde, zerbitzuko plantilla ez dela nahikoa. "Urteak daramatzagu salatzen Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileok lan egiten dugula guretzako eta artatutako pertsonen segurtasunerako arriskuak eragiten dituzten dotazioekin. Egun askotan, parke txikietan hiru suhiltzaile egoten gara guardia osoan", seinalatu dute.

Arazo hori "konpontzeko", egutegi-proposamen bat egin du zuzendaritzak: "Suhiltzaileak parke handienetatik, Langraiz eta Laudio, parke txikienetara lekualdatzea". Langileek uste dute, horrekin, zuzendaritza "modu inplizituan" aitortzen ari dela gaur egungo plantilla murritza dela, baina planteatu duen konponbidea "erabat burugabea" dela iritzi diote.

"Artatutako biztanleriaren kopuruagatik, inguruko industriaren garrantziagatik, komunikazio-bideen garrantziagatik edo baliabide eta material gehienak zentralizatzeagatik, parke batzuek besteek baino dotazio handiagoa behar dute", argitu dute, zuzendaritzaren proposamenari erantzunez: "Laudioko eta Langraizko parkeek ezin dute langilerik galdu parke txikienetan hiru suhiltzaile izateak dakarren zuloa estaltzeko. Hori ez da irtenbidea, arazoa leku batetik bestera mugitzea baizik. Plantilla faltaren arazo baten benetako irtenbide bakarra plantilla handitzearen eskutik etorriko da".

Lanerako buruzagitza, hutsik

Suhiltzaileek nabarmendu izan dute Suhiltzaile Buru baten beharra daukatela Araban, Alberto Amenabar Zuzendari-Gerenteak daramatzalako hiru urte eta erdi zuzendari kudeatzaile karguan, baina "arazoen zerrenda handitu besterik ez" delako egin denbora horretan. "Bera dagoenetik, buruzagitza operatiboa hutsik dago. Beraz, zerbitzuaren erabaki operatibo garrantzitsuenak gidatu behar dituen pertsona falta da", oroitarazi dute orain.

"Esperientzia eta ezagutza dutenenekin lan egin gabe" hartzen ditu erabakiak kargudunak, eta horren emaitza da, adibidez, udan errefortzurako 21 suhiltzaile ez kontratatu izana edo "egutegi-proposamen negargarria", langileen hitzetan.

Hortaz, borrokan segitzen dute Arabako suhiltzaileek, eta aldarrikatzen ari dira "inposaketa eta txapuzen garaia amaitu behar" dela. Aurreko astean elkarretaratze bat egin zuten Gasteizen, Inposaketarik ez! Negoziazioa orain lelopean.

NO HAY COMENTARIOS