ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/09 08:40

Zigor Kodeari lotutako neurri sorta bat onetsi berri du legebiltzarrak Indonesian, erabateko adostasunarekin. Sona handia hartu dute jada neurri horietako batzuek; besteak beste, kartzela-zigorrekin punituko dute ezkontzatik kanpo sexu-harremanak izatea edota onartuta dauden sei erlijioen kontra biraoak botatzea, eta legez kanpo utziko dute antisorgailuak "sustatzea" nahiz presidente edo presidenteorde bat iraintzea. Dena den, argia da erreformaren oinarri antikomunista ere: espetxe-zigorrekin zigortuko dute lan politiko komunista.

Zehazki, erreformak aukera emango du hamar urterainoko zigorrak jartzeko ustez antolakunde marxista-leninistetako kide direnei. "Komunismoa zabaltzen" dutenei, berriz, lau urterainoko zigorrak ezarriko dizkiete. Indonesiako presidente Joko Widodok sinatu beharko du orain Zigor Kode berria, eta neurri berriak ez dira berehala indarrean sartuko, baina gehienez hiru urtekoa izango den trantsizio-epe bat finkatu dute, marko zaharretik berrira igarotzeko.

The International Magazine atariak gogorarazi duenez, 1965. eta 1966. urteen artean komunisten aurkako purga bat izan zen Indonesian, Suharto diktadore militarrak gidatuta. Hainbat iturriren arabera, milioi bat pertsona erail zituzten, eta guztiz suntsitu zuten Indonesiako Alderdi Komunista, munduko handienetakoa zena Txinakoaren ondotik.

NO HAY COMENTARIOS