Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) duela bi aste atera zuen argitara Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde izeneko idatzia. Errektoretzak, errektoreordetzak, dekanoek, EHUko hainbat irakaslek eta zenbait ikaslek sinatu zuten, eta sinadura-bilketa bati ekin zioten.
EHUko ikasle batzuek hurrengo astean egin zuten agerraldi bat Leioako (Bizkaia) campusean, eta salatu zuten komunikatu hori "errektoretzaren interes korporatiboen aldeko mugimendu bat" izan zela. "Adierazpen askatasuna eta balio demokratikoak" aldarrikatzea aitzakiatzat hartuta, "ikasle talde txikiak unibertsitateko elkarbizitza hausten ari direlako mamua zabaltzen" du EHUren idatziak, eta ikasleen jardun politikoa guztiz kriminalizatzen du.
EHUren agiriaren kontra agertzearekin batera, beste sinadura-bilketa bat jarri zuten martxan ikasle horiek, bi aldarri nagusirekin: batetik, "Polizia unibertsitatera ez sartzea eta eskubide politikoak bermatzea, hala nola biltzeko edo propaganda egiteko eskubidea", eta, bestetik, EHUk "Israelekin duen harreman oro etetea".
Askatasun politikoen aldeko idatziak, babes handiagoa
EHUk bi aste daramatza ikasle antolatuak kriminalizatzen dituen komunikatuarekiko atxikimenduak biltzen, baliabide ugarirekin: komunikabideetako oihartzuna, babes eske masiboki igorritako e-mail mezuak... Denbora askoz ere gutxiagoan eta baliabide horiek guztiak gabe, dena den, babes handiagoa jaso dute jada ikasleek gerora egindako exijentziek. Hiru eguneko epean, EHUk bildutako sinadura kopurua gainditu dute ikasleek, askatasun politikoen alde eginda eta sionismoarekiko lankidetza arbuiatuta.
Sinadura-bilketarekin jarraitzen dute oraindik, eta aurrerago emango dute bildutako atxikimenduen berri. Gogorarazi dute EHUren kriminalizazio-kanpainaren kontrako adierazpen hori sina daitekeela oraindik, ondoko loturan: https://labur.eus/sinadurabilk. Agiria deskargatzeko beharra izanez gero, hemen dago eskuragarri euskaraz eta hemen gazteleraz.