ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Correo
2019/10/18 10:43

Batz taldeak martxan jarri du Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresa ixteko likidazio prozesua. Moldeak diseinatzeaz eta egiteaz arduratzen dira lantegian, eta gaur gaurkoz, 141 langilek jarduten dute bertan. Hala, hartutako erabakiarekin eta likidazio prozesuarekin aurrera eginez gero, lantokiaren jarduna guztiz eten eta 141 beharginak kaleratuko Mondragon Kooperatibaren parte den Batzek.

Hala, lanuzteekin eta mobilizazioekin hasi dira langileak. Salatu dute ez dutela "inolako harremanik" izan Batz taldekoekin, EITB-k jakinarazi duenez. Kooperatibak kontratatutako abokatuekin baino ez dute hitz egin, eta modu horretan izan zuten Araluce ixteko erabakiaren berri. Enpresaburuek ez diete "beste aukerarik eman" beharginei, eta euren asmoa da 2019. urtea amaitzen denerako lantokia ixtea, gutxi gorabehera.

Igorreko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku hartzea eskatu dute langileek. Izan ere, Arratia bailarako industriagunearen desagerpen prozesua gero eta nabarmenagoa dela azaldu dute, eta horrek bertako langileriaren sostengu ekonomikoa kolokan jarri dezakeela diote.

Hasiera prekarioa

1949. urtean eraiki zuten Araluce lantegia, eta Batz taldeak 2016. urtean erosi zuen. Hala ere, patronalak zenbait baldintza ezarri zizkien beharginei; hala nola, %10eko jaitsierak soldatetan, lanaldien igoera edota murrizketa sozialak. Horren truke, lanpostuak 2020. urteko maiatzera arte bermatzeko konpromisoa hartu zuen Batzek, hitzarmen baten bidez.