Gaur jakinarazi dutenez, Euskal Herriko beste langile bat hil zen atzo, soldatapean lanean ari zela. Ourenseko Rubia udalerrian izan zuen lan-istripu hilgarria, zentral hidroelektriko batean. Itxura denez, makina batek harrapatu zuen behargina, eta bertan hil zen. Ibarrako (Gipuzkoa) Voith Hydro enpresakoa zen, baina Enel enpresak azpikontratatutako hainbat lan egiten zituen. 56 urte zituen.
Izugarria izaten ari da, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian argitara ateratzen ari den lan-heriotza kopurua. 25 egun baino ez ditu urteak, eta Euskal Herriko hamar beharginek galdu dute bizia jada soldatapean lanean ari zirela.
Aipatutako lan-istripu hilgarrietatik bi, dena den, Euskal Herritik kanpo gertatu ziren, beharginak bertakoak izan arren. Horixe izan zen atzoko kasua, baina baita aurreko astean ezagutzera eman zen beste batena ere: urtarrileko aurreneko astean, Zaragozan galdu zuen bizia garraiolari gipuzkoar batek, lan-istripuz. Ordura arte, urteko aurreneko lan-heriotza urtarrilaren 9an izan zela uste zen; Santurtzin (Bizkaia), hain zuzen ere.
Aurreko urtean, 2023an, Euskal Herriko gutxienez 59 langile hil ziren euren lanpostuetan, lanera bidean edo lanetik bueltan.