ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/18 07:54

Aurten Leioako campusak (Bizkaia) hartu du Herri Unibertsitate nazionala; aurki beteko ditu hamar urte zenbait campusetan bidea egin duen proiektuak. Bi egunez izan dira hamaika gairen inguruko hitzaldi eta mahai-inguruak Leioan, eta ehunka pertsona bildu dira saioz saio. Asteazkenean egun osoko egitaraua izan ostean, atzo goizean izan zen azkeneko txanpa.

10:00etan ekin zieten hitzaldiei, eta bi saio izan ziren ordu horretan. Batetik, kontrol kulturalaren eta kultura komunistaren inguruko mahai-inguru bat egin zuten Gazte Koordinadora Sozialistako eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako kideek, Zientzia eta Teknologien Fakultateko Paraninfoan. Bestetik, krisi garaiko elitizazioaz eta erreforma prozesuez jardun zuten Ikasle Abertzaleakeko kideek Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko Auditorioan. Bi espazioak bete ziren leporaino atzo ere.

12:00etan hasi zen aurtengo Herri Unibertsitate nazionaleko azkeneko saioa, Paraninfoan. Antonio Gramsci izan zuten aztergai Leire Romerok, Txaber Ormazabalek eta Aitor Bizkarrak: sozialdemokraziatik Gramsciren irudia eta hark esandakoen funtsa desitxuratzeko egin diren saiakeren inguruan aritu ziren, eta, horren aurrean, landu zituen zenbait tesi politiko eta horien oinarria, kokapena nahiz inplikazioak jarri zituzten mahai gainean.

Edukiaren merkantilizazioaren kontra

Herri Unibertsitate nazionalari bukaera emateko, 14:00etan manifestazio bat egin zuten Leioako campusean barrena. Edukiaren merkantilizazioaren aurrean, hezkuntza sozialista eraiki! izan zuten aldarri. Mikel Laboa plazan amaitu zen mobilizazioa, eta orduan hartu zuten hitza antolatzaileek.

Azaldu zuten Herri Unibertsitatearen helburu nagusia dela "eztabaidarako, elikadura politikorako, kritikotasuna sustatzeko eta unibertsitatean eskaintzen ez den hausnarketa politikorako bitartekoak guztion eskutan jartzea". "Gizarte kapitalista gainditzeko beharrezkoak diren ezagutzen gainean sakontzea da Herri Unibertsitatearen helburua, horregatik, garrantzitsua zaigu, besteak beste, langile mugimenduaren esperientzietatik ikastea, nahiz ekoizpen eredu kapitalistaren legeak eta irakasteko zein ikasteko pedagogia egokienak ezagutzea", gaineratu zuten.

Azpimarratu du gaur egungo unibertsitate publikoaren eredua, "eredu burgesa", zalantzan jarri duela Herri Unibertsitateak, erakutsi duelako "posible dela" unibertsitatearen "logika merkantiletik haragoko ikasketa sistema bat pentsatzea nahiz eta iritzi orokorrak kontrako esan". "Eta posible baino gehiago, beharrezkoa da", hausnartu zuten.

Izan ere, ohartarazi zuten "unibertsitatearen logika enpresari batzuek duten diru goseak baldintzatzen" duela eta, hortaz, "unibertsitatearen  programaren atzean ezkutatzen diren interesak determinatuta" daudela "enpresari handien behar ekonomikoen arabera". "Gizadiaren eta oro har, gizartearen garapen objektiboa bilatu beharrean burgesiaren behar ekonomikoak asetzeko antolatuta dago unibertsitate eredu hau", gaineratu zuten.

Gehiago zehazteko, seinalatu zuten unibertsitate publikoak, "gizartearen aldaketa positiboa bultzatu baino, alegia, askatasun unibertsalaren alde egin ordez, gutxi batzuen interesen baitan jokatzen" duela. Horren adibide modura aipatu zuten "gaixotasunen osabidea ikertu eta gizarteratu beharrean, farmazien menpe jartzen" duela ezagutza hori unibertsitateak; "indar produktiboen garapenaren ikerketa gizakiaren mesedera norabidetu beharrean, produktibitate hutsa handitzeko baliatzen" duela.

Funtsezkotzat jo zuten, hortaz, "hezkuntza sozialistaren aldeko hautua"; izan ere, "aipatu ditugun adibideen kontrako logika indartzen du hezkuntza sozialistak", eta "klaserik gabeko gizartearen eraikuntzarako ezinbestekoak diren egiturak eta giza etikaren oinarria izango da". "Gaurdanik eraikitzen ari garena", hain zuzen, hezkuntza sozialistaren "ernamuina" dela azaldu zuten. "Horretarako batu gara egun hauetan: ezagutza gaitasunak antolakuntzaren zerbitzura jartzeko, gizakia eta gizartearen behar integralak erdigunean izango dituen hezkuntza eredua eraikitzen hasteko", ondorioztatu zuten, azkenik.

Lekuan lekuko Herri Unibertsitateak, datorren astean

Datorren astean, otsailaren 22tik 25era bitartean, sei campusetan izango dira tokian tokiko Herri Unibertsitateak: Iruñean (Nafarroa), Eibarren (Gipuzkoa), Ibaetan (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Leioan. Ikusi hemen egitarau guztiak.

NO HAY COMENTARIOS