ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/18 07:33

Bidasoko Gazte Asanbladak asteartean hartu zuen Hondarribiko (Gipuzkoa) Piraten Gazteluko lorategia, helburu argi batekin: espazio baten beharra erakustea eta aldarrikatzea, eta Gaztetxe bat izateko pausoak ematea. Asanbladako kideak segituan jarri ziren harremanetan Hondarribiko Udalarekin (Abotsanitz taldea), baina lorategitik alde egiteko esan zien udal gobernuak, "segurtasun-arrazoiak" argudiatuta.

Bertan jarraitzea erabaki zuten gazteek, eta polizia-indarrak bertaratu eta handik bota zituzten: Ertzaintza eta Hondarribiko Udaltzaingoa joan ziren lorategia hustera. Dena den, kanpaldiarekin jarraitu zuen Gazte Langileon Asanbladak, eta udaletxeko arkupeetara eraman zuen Gaztetxe baten aldeko aldarria.

Udaletxean igaro zuten gaua hainbat gaztek, eta atzo bildu ziren udal arduradunekin, balizko espazio baten inguruan hitz egiteko. Egindako protesta-kanpaldiari esker lortutako emaitzak azaldu ditu jada asanbladak: lortu du udalak hainbat konpromiso hartzea, espazio baten beharraren auziari "irtenbide bat bilatzeko".

Abuztuko lehenengo hamabostaldian hasiko dira asanbladaren eta udalaren arteko elkarrizketak, eta "bide-orri argi bat zehazteari" ekingo diote, gazteek espazio bat izan dezaten. Udalak konpromiso hori hartzea lortu dutela ikusita, momentuz, kanpaldia bukatutzat eman dute asanbladako kideek.

"Horrek ez du esan nahi helburua bete dugunik: gure borrokak bere horretan jarraituko du Gaztetxea lortu arte", argitu dute: "Kalean mobilizatzen jarraituko dugu". Hala, dei egin diote eskualdeko gazteria langileari hurrengo asteetan Gazte Langileon Asanbladarekin bat egin dezan: duela bi aste aurkeztu zuten eragile berria Bidasoan.

NO HAY COMENTARIOS