ACTUALIDAD / Consejos socialistas
Hiri-eredu kapitalistaren aurka mobilizatzeko deia, presente Donostiako kaleetan
Donostiako Kontseilu Sozialistak manifestazio bat antolatu du larunbat honetarako, etxebizitzaren negozioaren aurka eta eskubide politikoen murrizketaren aurka.
2026eko ekainaren 25 - 06:38
Hiri-eredu kapitalistaren aurka mobilizatzeko deia, presente Donostiako kaleetan

Hiri-eredu kapitalistaren aurka, Donostiako (Gipuzkoa) kaleak hartuko dituzte etzi, hilaren 27an. Maiatzaren hasieran aurkeztu zuen mobilizazio-deialdia Donostiako Kontseilu Sozialistak: etxebizitzaren negozioari eta eskubide politikoen murrizketari ezetz esateko, manifestazio bat antolatu du larunbat honetarako. Eguerdiko 12:00etan hasiko da Bulebarretik.

Deialdiak asteak daramatza presente Donostiako kaleetan: kartelak, pankartak, pintaketak, pegatinak... Eta herenegun, San Joan gauaren atarian Konstituzio Plazan egin ohi den ikuskizunaren barruan, garbi irakurri zen "Etxebizitzaren negozioa sutara. Manifestazioa. Ekainak 27. 12:00. Buletik" zioen pankarta bat, Jon Insausti alkatea bertan zela. Dantzarietako bik ere mobilizaziorako deialdia zeramaten idatzita kamisetan, dantza egitean.

Donostiako Kontseilu Sozialistak, manifestazioa aurkeztean, "turismoaren eta etxebizitzaren negozioaren arduradun" modura seinalatu zituen "higiezin-agentziak, eraikuntza-enpresak eta haien konplizeak". Hain zuzen ere, salatu zuen "langile-klasea Donostiatik kanporatzen" ari direla, aipaturiko enpresen "irabaziak handitzea lehenesten" delako, politikari profesionalen konplizitatearekin.

Hiri-eredu hori ezartzeko, gainera, "hiriaren polizializazioa, militantzia politikoaren eta eragile sozialen aurkako jardun poliziala, eta etorkinen aurkako jazarpena" gero eta bortitzagoak direla ohartarazi zuen Kontseiluak. Horren guztiaren aurka mobilizatuko dira larunbatean.