Mexikon hil da Hilario Urbizu errefuxiatu politikoa, 45 urtez Euskal Herrira bueltatu ezinik egon ostean. Naiz-ek baieztatu duenez, pairatzen zuen minbiziaren ondorioz zendu da, 76 urterekin. 1975ean egin behar izan zuen ihes bere herritik, Olaztitik, bere militantzia politikoaren harira atxilotua izateko arriskuan baitzegoen. Ordutik egon da indarrean bera atxilotzeko agindua.
1980an Mexikora mugitu zen Urbizu. Hamarkada luzez, ehunka izan dira euren militantzia politikoa zela-eta erbestera jo behar izan duten euskal militanteak, atxiloketetatik, torturatik eta kartzelatik ihesi. Aipatutako egunkariak gogorarazi duenez, 2010eko hamarkadatik aurrera hainbat iheslarik egin dute Euskal Herrira itzultzeko aukeraren alde. Urbizuk, ordea, ez du horretarako aukerarik izan.
Horiek horrela, 2015ean atxilotu zuten Mexikon (30 urte zeramatzan jada bertan bizitzen), Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta. Bera Espainiaratzeko tramiteei ekin zieten arren, aurrera ez egitea erabaki zuen azkenean Mexikoko Gobernuak. Hasieran preso mantendu zuten, dena den: Reclusorio Oriente kartzelara eraman zuten lehenengo, eta gero, jasaten zuen minbizia zela-eta, erietxe batera mugitu zuten. Aske utzi zuten gero, eta 2026an galdu du bizia, ia bost hamarkada egin dituenean Euskal Herrira itzuli ezinik.
Naiz-ek emandako datuen arabera, gaur egun, gutxienez hamahiru dira erbestean jarraitzen duten euskal iheslari politikoak. Beste hiru, gainera, deportatuak izan ziren bere garaian, eta erbestean segitzen dute.