ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/13 08:50

Covid-19 birusaren kutsatzea ekiditeko neurri modura, itxi egin dituzte Hego Euskal Herriko ikastetxeak eta unibertsitateak. Hortaz, Ikasle Abertzaleakek bertan behera utzi du martxoaren 26rako deitu zuen ikasle greba, "greba behar den bezala egiteko inolako baldintzarik ez dagoela" iritzita.

"Gertakarien bilakaera arretaz jarraituko" dutela eta "egoeraren araberako neurriak hartuko" dituztela adierazi dute IAko kideek. "Gaur-gaurkoz, ez dugu baztertzen greba deialdi berri bat egitea datozen hilabeteetan", gaineratu dute.

Doako hezkuntza

Tasak merketu, bekak hobetu lelopean deitu zuen greba IAk, hezkuntza prozesuaren doakotasunaren aldeko borrokan urratsak egin asmoz. Unibertsitateetako, bigarren mailako hezkuntzako zein lanbide heziketetako ikasleei zuzendutako deialdia zen.

Elkartasuna garbitzaileekin

Bestalde, atzo argitaratutako adierazpenean, IAk "babesa eta animoa helarazi" zizkien hezkuntzako garbitzaileei: "Azken bi asteetan ikasleokin batera garatu duten greba eta mobilizazio eredugarrien ondoren, greba bertan behera uztera derrigortu dituzte".

Hala, garbitzaileen "greba eskubidea urratua" izan dela salatu dute IAko kideek. "Grebaren harira azken asteetan praktikan jarri den ikasleen eta garbitzaileen arteko elkartasunak erakusten digu aurrera egiteko bidea", diote.