ACTUALIDAD / Régimen salarial
Hil egin da hilaren 17an Abanto-Zierbenan lan-istripua izan zuen behargina
Viuda de Sainz eraikuntza enpresan zauritu zen larriki, motor bat konpontzen ari zela. Ospitalean zendu da. Aurten, gutxienez 50 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.
2024eko urriaren 30
Hil egin da hilaren 17an Abanto-Zierbenan lan-istripua izan zuen behargina
— ARGAZKIA Viuda de Sainz

Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo industrialdean lan-istripu larri bat izan zen urriaren 17an. Viuda de Sainz eraikuntza-enpresako instalazioetan gertatu zen: hondeatzaile baten motorra konpontzen ari zela, begian inpaktu bat jasan zuen behargin batek, eta larriki zauritu zen.

Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleratu zuten 52 urteko langilea, baina atzo jakinarazi zuten hil egin dela, istripuak eragindako zaurien ondorioz.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 50 beharginek galdu dute bizia soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.