Aurten ere egitarau indartsua prestatu dute Herri Unibertsitate nazionalerako. Otsailaren 22tik 23ra bitartean, Leioako (Bizkaia) campusean izango dira hainbat hitzaldi, solasaldi eta ekimen, Herri Unibertsitatearen 2023. urteko edizioaren barruan. Zein hitzaldi eta solasaldi egongo diren xehatu dute jada.
Otsailaren 22an ekingo diote Herri Unibertsitateari, 10:00etan. Goiz horretan, lau hitzaldi izango dira: Teoria marxista eta klase borroka, Mundu multipolarra eta gerra Ukrainian, Francoren iraultza pasiboa, eta Gramsci, klase borroka eta kultur gerra. Hurrenez hurren, Andres Piquerasek, Rafael Pochek, Jose Luis Villacañasek eta Aitor Bizkarrak eskainiko dituzte saio horiek, Txaber Ormazabalen eskutik, azkeneko saioari dagokionez.
Arratsaldean, berriz, Marxismoa, feminismoa eta marxismo feminista landuko dituzte Nadia Perezek eta Mireia Bedmarrek, Hezkuntza eredu sozialistaz arituko dira Saioa Galarraga eta Ainhoa Vidal, eta, azkenik, Urtarrilaren 28 osteko testuinguru politikoa eta erronka nagusiak argituko ditu Gazte Koordinadora Sozialistak. Iluntzean, kontzertu akustiko bat eskainiko du Edu Zardoyak.
Otsailaren 23an ere 10:00etan hasiko dira Herri Unibertsitateko hitzaldiak. Beste lau saio izango dira goiz horretan: Literaturaren dendaostean barrena arituko da Uxue Alberdi, Paul Beitiaren eskutik, Euskal alderdi nazionalisten hizkuntza politiken kritika egingo dute Garazi Navarrok eta Naroa Aranburuk, Euskal Nazio Askapen Mugimenduan klase borrokak eduki duen izaeraz jardungo du Dani Askunzek, eta Botere sozialistaren egituraz mintzatuko da Kolitza.
Horren ostean, ohi bezala, manifestazio bat egingo dute Leioako campusean zehar. 14:00etan hasiko da mobilizazioa. Iluntzerako ere prestatu dituzte hainbat ekimen ikasleek; hala nola, bertso-ikuskizun bat izango da Ekida Arte Ekimen Sozialistaren eskutik, eta zenbait kontzertu egongo direla ere aurreratu dute. Aurrerago emango dituzte xehetasunak.
Edizio honetako egitaraua: