ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/23 10:08

Hernanin (Gipuzkoa) 1.300 lagunek eskatu dute Mugimendu Sozialistak, gainontzeko eragileen modura, herriko festetan parte hartu ahal izatea. Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak hiru aste daramatza sinadura-bilketa bat egiten, San Joan festetako txosnagunean Mugimendu Sozialistari jarritako beto politikoaren kontra, eta Mugimendu Sozialistak txosna jartzeko daukan eskubidearen alde.

Era berean, Hernaniko Udalak Mugimendu Sozialistari ezarritako zigor ekonomikoa bertan behera geratzea ere eskatu dute sinatzaileek. Zehazki, Hernaniko Txosna Batzordeak eta udalak elkarren eskutik jarritako beto politikoari aurre egin, eta iazko sanjoanetan txosna bat jartzeagatik zigortu du Mugimendu Sozialista udalak. Gainerako eragileen modura jaietan espazio publikoa erabiltzeagatik, udalak 3.168 euroko isun bat jarri dio Mugimendu Sozialistari.

"Egoera horri irtenbidea emateko hasi genuen sinadura-bilketa, aurretiaz egindako salaketa guztiei entzungor egin baitie udalak", azaldu du oraintsu Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. "Isuna kentzea eta jaietan normaltasunez parte hartzea exijitzen dugu, eta sinadura-bilketak zein aurrera eraman ditugun gainerako ekimenek frogatzen dute herrian babesa dutela aldarrikapen horiek", gaineratu du.

Abenduaren amaieran elkarretaratze bat egin zuten Hernaniko udaletxe aurrean, udalak jarritako isunaren eta beto politikoaren kontra.

NO HAY COMENTARIOS