ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iaz egindako margoketa bat.
2023/10/05 09:17

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak iazko abunduan salatu zuen 3.168 euroko isun bat ezarri ziola Hernaniko Udalak (EH Bildu), San Joan jaietan txosna bat jartzeagatik. Espazio publikoa baimenik gabe erabiltzea leporatuta ezarri zion zigor ekonomiko bat udalak, eta, gainera, espazio publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa ordainarazi nahi zion Mugimendu Sozialistari.

Urte horretan, Hernaniko Txosna Batzordeak beto politiko bat ipini zion Mugimendu Sozialistari, eta ukatu egin zion herriko festetan txosna bat eduki ahal izatea. Udalak, gero, babestu egin zuen beto hori, baztertu egin baitzituen Mugimendu Sozialistak egindako eskaera guztiak Txosna Batzordeak kudeatutako eremutik kanpo txosna bat muntatu ahal izateko. Hortaz, Txosna Batzordearen eta udalaren artean, sanjoanetan txosna bat normaltasunez jarri ahal izateko eskubidea ukatu zioten Mugimendu Sozialistari.

Hala ere, debeku politikoari aurre egitea erabaki zuten Mugimendu Sozialistako kideek, eta txosna propio bat jarri zuten San Joan jaietan, Txosna Batzordeak kudeatutako gunetik kanpo. Horren harira isundu nahi izan zuen udalak Mugimendu Sozialista iazko abenduan, eta, oraingoan ere, horri lotuta helarazi dio gutun bat Mugimendu Sozialistako kide bati.

Beste zigor bat, eta legea interes propioen arabera

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, gutun berri horretan, udalak adierazten du aurreko urteko gutuna "iraungitzen utzi" duela; "haiek nahi izan dutelako"; izan ere, udalak ez die erantzunik eman Mugimendu Sozialistak aurkeztutako alegazioei. "Egoera horrela utzi beharrean, [iazko] prozesu hori artxibatzearekin batera beste bat ireki digute, isun berri bat jarriz", jakinarazi du Kontseilu Sozialistak.

"Orain arte esaten ari garen moduan, legea eta administrazioa baliatzen ari dira [udala eta EH Bildu] haien interes politikoen alde", salatu du. "Isun berriarekin bilatzen dutena", beraz, "oinarri juridiko handiagodun isun bat jartzea" dela uste dute Kontseilu Sozialistako kideek, "lehen jarritako isuna sostengaezina zela jakinda".

Auzi politiko bat

"Gatazka behingoagatik alboratzeko aukera izan dute. Hala ere, behin eta berriro berresten dute haien erabakia, eta frogatu hasieratik esaten ari garena: auzi hau guztiz politikoa dela", seinalatu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak: "Udala izan zen Mugimendu Sozialistaren aurkako betoa onartu eta legitimatu zuena; horren ostean, eta txosna jarri zenean, isundu gintuena; eta orain, urtebete baino gehiago igaro denean, berriro horretan guztian tematu da".

Mugimendu Sozialistak gogorarazi du aurten bai izan duela sanjoanetan txosna bat jartzeko baimena, eta horrek are gehiago erakusten duela "erabat arbitrarioa" izan zela iazko debekua. Azpimarratu du, gainera, sinadura-bilketa baten bidez, Hernaniko 1.300 bizilagun baino gehiagoren babesa izan duela, Mugimendu Sozialistak ere txosna bat normaltasunez izateko eskubidearen alde, eta udalak ezarritako isunaren kontra. Udalak, baina, entzungor egin dio hainbeste hernaniarrek babestutako aldarri horri.

"Behin eta berriro eskubide politikoak auzitan jartzen ari da udala, baita mugimendu jakin baten jarduna oztopatzen ere", gaitzetsi dute Kontseilu Sozialistako kideek. Berriz egin diote azpimarra "isun horren balio" faltari, eta "eskubide politikoen aldeko borrokan jarraituko" dutela aldarrikatu dute.

NO HAY COMENTARIOS