ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Iñaki Berasaluce/Europa Press
2024/07/23 09:34

1984ko urrian, Felipe Gonzalez Espainiako Estatuko gobernuburua zela, estatu mailako polizia-indarrei lotutako agindu bat eman zuen gobernuak: "toki gatazkatsuetan" arituko ziren polizia-agenteak saritzea erabaki zuen, esaterako, plus batzuk ordainduta. Gehiago saritutako leku hori zen, hain zuzen ere, Hego Euskal Herria.

Polizia bakoitzaren eginkizuna edozein izanda ere, Hego Euskal Herrian jarduten zuten guardia zibilei eta Espainiako Poliziako agenteei diru-kantitate gehigarri bat ordaintzen hasi ziren. Eta, urteak joan eta urteak etorri, sari horiek mantendu ditu gobernuak: gaur egun ere, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan edo Nafarroan aritzen diren poliziek plusak jasotzen dituzte, "arriskuari" eta "lurraldetasunari" lotuta.

Barne Ministerioak berriki jakinarazi duenez, ez du aurreikusten sari-sistema hori aldatzea: ez ditu pribilegio horiek murriztuko edo indargabetuko. Fernando Grande-Marlaskak gidatutako ministerioak, gainera, ez du argitu zenbaterainokoak diren Hego Euskal Herrian lan egiten duten agenteek gaur egun kobratzen dituzten plusak.

2020koak dira Barne Ministerioak emandako azken datuak, eta, denera, 22.850.065 eurokoak ziren polizia horiek jasotzen zituzten pizgarriak. Azken datuen arabera, 2.676 guardia zibili eta Espainiako Poliziako 1.792 agenteri ematen zizkieten plus horiek.

Bestelako sariak, polizia-indarren partetik

Ordainsariez gain, bestelako aitorpen batzuk ere egiten dizkiete Hego Euskal Herrian aritutako poliziei. Guardia Zibilak, esaterako, Merezimenduaren Ordenaren gurutzea ematen die Araban, Bizkaian, Gipuzkoan edota Nafarroan hiru urtez jardun duten agenteei. Bestalde, 470/2016 Errege Dekretuaren arabera, denbora-tarte horretan Hego Euskal Herrian edo Ekintza Azkarreko Taldean lan egin duten guardia zibilek lehentasuna dute, aurrerago, non aritu nahi duten aukeratzeko.

Horretaz gain, Guardia Zibilak zein Espainiako Poliziak aurreikusten ditu jaiegun-baimen bereziak Hego Euskal Herriko agenteentzat. Guardia zibilek 11 opor-egun gehigarri dituzte urtean, baita hiru jaiegun gehigarri ere, "norberaren gauzengatik".

Espainiako Poliziaren barruan ere badaude halako pribilegioak: 1981tik, "Bilboko eta Nafarroako goi-buruek" aukera dute euren ardurapean dauden agenteei "atseden-baimen bereziak" emateko, urtean 30 egunerainokoak izan daitezkeenak.

NO HAY COMENTARIOS