ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/12 09:10

"Gezurren eta kriminalizazioaren aurrean, aurrera Mugimendu Sozialista. Atzo, gaur eta beti antifaxistak". Iruñeko (Nafarroa) Gaztelu Plazan prentsaurreko bat egin du gaur goizean Mugimendu Sozialistak, eta aldarri horrekin eman dio amaiera. Faxismoaren aurkako hainbat sektore eta zehazki Mugimendu Sozialista jasaten ari diren kriminalizazio-kanpaina salatu du agerraldian; izan ere, Espainiako Falangearen eta Vito Quiles agitatzailearen ekitaldiak tarteko, Gasteizko (Araba) eta Iruñeko (Nafarroa) deialdi faxistei aurre egin zietenak jopuntuan jarri dituzte azken asteetan, bai masa-komunikabideek, bai eskuineko nahiz ultraeskuineko alderdiek.

Mugimendu Sozialista eta herri-mugimenduko beste hainbat sektore seinalatu dituzte azken hilabetean, eta horren erakusle da Antena 3-eko kazetari bat Iruñeko Zentro Sozialistara eta Mugimendu Sozialistaren tabernara bertaratu izana aurreko astean, "bertan zeuden pertsonak jarraitzera, grabatzera eta probokatzera". Garazi Navarro Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako (EHKS) bozeramaileak nabarmendu duenez, hori guztia "azken asteetako deklarazio eta notizia kriminalizatzaileei batzen zaio, eskuinaren eta eskuin muturraren telebista-kate, sare sozial eta egunkarietatik zabaldutakoak". 

"Antifaxismoa jokoz kanpo utzi nahi dute"

Navarrok azaldu du "Mugimendu Sozialistaren jardun antifaxista jopuntuan jartzeko nahia" dagoela kriminalizazio-kanpainaren atzean, bera izan delako "antifaxismoa aktiboki bultzatu duen eragileetako bat, herri-mugimenduko beste hainbat kolektiborekin batera". Ohartarazi du, beraz, "honako auzia GKS edo Mugimendu Sozialista baino askoz haratago doala", eta faxismoaren aurkako borroka dela "oldarraldi faxista sustatzeko bitartekoak jartzen ari diren alderdi eta komunikabide" guztiek "jokoz kanpo utzi" nahi dutena.

"Jopuntuan dagoena arrazismoari, matxismoari, klasismoari, sare sozialen eta komunikabideen buloei eta, oro har, eduki erreakzionario guztiari erantzuna emateko eskubidea da", esan du: "Vito Quilesen faxismoa goratzeko ekitaldia gehiengo baten erantzun antifaxistak atzera bota izanak hautsi egin zuen eskuin faxistaren inpunitate irudia. Horri erantzunez, aipaturiko komunikabideak antifaxismoa kriminalizatu nahian ari dira".

Instituzioen "hipokrisia antifaxista": EAJ adibide

Eskuineko hedabideen lanaz gain, hainbat alderdi politikoren jarrera gaitzetsi du Mugimendu Sozialistak, tartean, EAJrena. "Aipaturiko kriminalizazio-kanpainaren abiapuntua, neurri haundi batean, EAJk jarri zuen urriaren 12ko gertakarien ostean", ekarri du gogora: "EAJk argi utzi zuen zertan datzan bere antifaxismoa. Ertzaintza antifaxistak egurtzera eta atxilotzera bidali zuen, Espainiako Falangearekin Gasteizko kaleetan elkarlanean. Hortik aurrera, kriminalizazio-kanpaina bati ekin zion, eta Espainiako komunikabideek horri segida eman diote Iruñeko gertakarien ondotik".

"Bost axola EAJren gisako eskuineko alderdi bati antifaxismoak. Haiengatik balitz, falangistek lasai hartuko lituzkete kaleak", zioten agerraldian. Are gehiago: oroitarazi dute EAJ dela "erreakzioaren hainbat elementu mahaigaineratzen" ari dena "euskal politika instituzionalean".

Mugimendu Sozialistaren esanetan, "alderdi instituzionalen hipokrisia antifaxista agerian" geratzen ari da: "Instituzioak faxismoari ateak irekitzen ari zaizkie pasibitate osoz. Prozesu hori ez du eskuinak soilik ahalbidetzen. Estatu burgesa eta faxismoa bidelagun naturalak dira langileon aurka; burgesiaren interesak eta ordena mantentzeko daude biak, eta faxismoaren helburua estatua bera indartzea da, estatu-eredu autoritarioa bultzatuz. Horregatik, hain zuzen, faxismoa indartu baino ez da egin ezker instituzionala gobernuan dagoenetik".

Gogorarazi du, hala, espainiar eskuin muturra "nahi duen guztia" egiten ari dela "sare sozialetan, komunikabideetan eta kalean"; "faxismoaren apologia egiten, antifaxisten zein sindikatuen lokalei su ematen, gezur eta buloak zabaltzen, militante sozialak jipoitzen, eta abar". Hori gutxi ez, eta ezker instituzionala etengabe "erantzun antifaxista seinalatzen" ari dela salatu du Mugimendu Sozialistak.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jo du "erantzun zabalak antolatzea oldarraldi faxistaren aurka", eta horretara deitu du. "Herri- zein langile-mugimenduko kideok elkar babestu behar dugu horrelako kriminalizazio-kanpainen aurrean", gaineratu du.

NO HAY COMENTARIOS