Datorren iganderako, otsailaren 16rako, protestara deitu dute Ponenteko (Lleida, Katalunia) presondegiaren aurrean, Pablo Hasel raperoa espetxeratu zutenetik lau urte beteko direla gogoratzeko. Ekitaldia 12:00etan izango da, kartzelako ate nagusiaren aurrean. Helburu nagusia da preso politikoaren espetxeratzea salatzea, oroitaraziz "erregimenaren eta bere errudunen miseriak salatzeagatik" dagoela preso, bere abestien letretan eta sare sozialetan egindako adierazpenetan "terrorismoa goratzea" eta "Koroa iraintzea" egotzi baitzioten.
Sare sozialetan zabaldu den deialdiak "preso politiko antifaxista kontsekuenteen erresistentziaren adibidea aldarrikatu" nahi du. Ezkerreko hainbat kolektibok eta mugimendu sozialek, hala nola Lleidako Asanbladak, Errepresioaren Aurkako Ponenteko Plataformak eta Omniumek, mobilizazioari babesa eman diote, adierazpen-askatasunaren aurkako erasoak eta preso politikoen borroka ikusarazteko.
Preso politiko menderaezina da Hasel: "Ez nuen borrokatu gero umiliatuta belaunikatzeko", adierazi zuen 2024ko ekainean El País egunkarian egindako elkarrizketa batean. Rap-abeslari komunistak irmo eutsi die bere ideiei espetxean egon den denbora guztian. Zigorraren laurdena betetzean, baimenak eskuratzeko aukera zuen presoak, baita zigorraren erdira iristean kalera irtetekoa ere, baina damutzeari eta ezarritako isunak ordaintzeari uko egin izanak bere kartzelaratzea luzatu du.
Ponenteko kartzelatik, bere jarduera politiko-artistikoarekin jarraitzen du: bi poesia liburu argitaratu ditu, bata gaztelaniaz eta bestea katalanez, eta laster beste bat kaleratuko du. Gainera, nobela bat idazten hasi da, eta rap-letra asko prest ditu espetxetik irtetean grabatu ahal izateko. Azaldu duenez, kartzelan musika-jarduera bat dago berez, eta bertan presoek beren abestiak grabatu ditzakete, baina ez diote uzten berari, ezta aldarrikapen-edukirik gabeko abestiekin ere. Hori guztia, Arte Ederren Zirkuluak espetxean antolatzen duen poesia-saria urtero irabazi arren. "Zigor bat da ez damutzeagatik", salatu du Haselek, aske gelditzean bere ideia komunisten alde borrokan jarraituko duela gaineratuz.