2019ko udazkenean, mobilizazio-ziklo bat izan zen Katalunian, Espainiako Auzitegi Gorenak Procés-ari lotuta emandako azken sententziak zirela-eta: sedizio delitua oinarritzat hartuta, espetxe-zigor garrantzitsuak ezarri zizkien zenbait politikari katalani. Horrek protestak sortu zituen karriketan, egun luzez, eta Estatuaren erantzun errepresiboa ere tamainakoa izan zen: Alerta Solidàriaren arabera, guztira, protestan ari ziren 241 lagun atxilotu zituzten polizia-indarrek.
Horietako asko eta asko epaitu dituzte gerora, baina oraintsu heldu da orain arte auzitegietan eskatu den zigorrik altuena. Asteazken honetan ekin diote 2019ko protestetan Bartzelonan atxilotutako hiru gazteren aurkako epaiketari, eta fiskaltzak hamalau urteko espetxe-zigorra eskatu du haietako batentzat.
Espainiako Poliziak urriaren 18an Bartzelonako Urquinaona plazan izan zen protestaren harira atxilotu zuen gaztea. Gau horretan ere manifestarien kontra oldartu ziren polizia-indarrak, eta liskar gogorrak izan ziren kalean. Urquinaona inguruan atzeman eta identifikatu zuten mutila, eta handik bi astera atxilotu zuten.
Bi polizia-agenteri piroteknia-lehergailu bat botatzeagatik auzipetu zuten. Horren ondorioz, poliziari eraso egitea eta lesioak eragitea leporatzen diote, baita desordenak eragitea ere (gailu "arriskutsuak" eramateagatik, bilkura jendetsuagatik eta objektuak jaurtitzeagatik larriagotuta). Gainera, bi polizia horiei 44.700 euroko kalte-ordainak ordaintzera ere behartu nahi dute.
Mutilak, baina, ukatu egin du protestan parte hartu izana ere: urriaren 18an poliziak geratu zuenean, galduta eta nahasita, tren-geltokira iritsi nahian ari zela esan du. Ukrainarra da jatorriz, eta atxilotu zuten unean polizia-agenteek iruzkin arrazistak egin zizkiotela ere azaldu du.
Zazpi eta hiru urteko eskaerak beste bi auzipetuentzat
Gainerako bi gazteentzat ere kartzela-zigor altuak eskatzen ditu fiskaltzak: hiru urtekoa batentzat, eta zazpi urtekoa bestearentzat. Poliziari harriak eta bestelako objektuak botatzea egozten diote aurrenekoari, eta polizia-agente bati harri bat jaurtitzea eta zauriak eragitea, bigarrenari.
Atxilotua izandakoan jasandako bortizkeria salatu du, gainera, bigarren gazte horrek. Lepoa zapaldu ziotela eta iraindu egin zutela jakinarazi du: besteak beste, "marikoi", "independentista zikina", "podemita" eta "Puigdemont" esan zioten.