ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/20 08:52

Palestinarekin Elkartasuna plataformak jakinarazi duenez, ikerketapean daude hamabi pertsona, CAF enpresaren aurka egindako protesta-ekintza baten ondorioz. Joan den urtarrilaren 25ean izan zen mobilizazioa, Castejongo (Nafarroa) CAF-Trenasa lantegian: Israelgo Estatu sionistarekin kolaboratzeagatik seinalatu zuten enpresa, Euskal Herriko beste hainbat lantokitan egin zen moduan.

Ikertuak izaten ari diren pertsonek bihar deklaratu beharko dute Tuteran (Nafarroa), 10:00etatik aurrera. Itxura denez, ikertu gisa deklaratu beharko dute oraingoz, kalteak eragiteari lotutako delitu posible bat leporatuta. 10:00etarako, hortaz, Tuterako auzitegi aurrean elkarretaratzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.

Deklaratu beharko duten lagunek azaldu dutenez, CAF tranbia-sare bat eraikitzen ari da Palestinan sionistek okupatutako lurretan, eta sare horrek lotu egingo ditu Jerusalem eta Zisjordaniako kolonia sionistak, "kolonoen mugikortasuna erraztuz". Eraikitze-prozesu horretan, tranbia-sarea igaroko den lurretatik indarrez kanporatzen ari dira palestinarrak.

Hortaz, enpresa hori ere "entitate sionistaren kolonizazioan parte hartzen" ari dela salatu dute, eta "Israelen existentzia halako kolaborazioek ahalbidetzen dutela": "Mendebaldeko enpresen eta instituzioen babesa izango ez balu, ezingo luke aurrera jarraitu. Beraz, herri palestinarrari egin ahal diogun ekarpenik handienetariko bat horrelako enpresak salatzea da". Palestinarekin Elkartasuna plataformak joan den larunbatean Iruñean (Nafarroa) egindako manifestazioan, hain zuzen ere, "sionismoaren eta bere kolaboratzaileen kontrako borroka biderkatzera" deitu zuen.

Urteko lehen hiruhilekoan %16 igo dira CAFen irabaziak: aurreko hiruhilekoan baino 23 milioi euro gehiago irabazi ditu enpresak.

NO HAY COMENTARIOS