ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elecnorreko langileen mobilizazioa, atzo, Gasteizen. Argazkia: Alea
2019/12/17 17:37

Lan baldintzak hobetzea eta enpresak sinaturiko lan hitzarmena betetzea helburu hartuta, borrokan jarraitzen dute Elecnor Telecomunicaciones enpresako Arabako langileek. Telefonicak azpikontratatua du Elecnor, eta langileek salatu izan dute, besteak beste, enpresak legedia urratzen duela lan osasunaren eta segurtasunaren arloan, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginek baino lan baldintza okerragoak dituztela. Urrian egin zituzten lehen lanuzteak, eta abenduaren 9an hasi zuten greba mugagabea.

Atzo, kalera atera ziren langileak Gasteizen (Araba), eta ohar bidez, azaldu zuten enpresak ez diela proposamenik helarazi idatziz. Ahoz esandakoak, gainera, duela bi hilabeteko neurri berberak direla ohartarazi dute beharginek. Mobilizatzen hasi zirenetik, behin baino gehiagotan salatu izan dute ez dituztela lanaldi gehigarriak behar bezala kobratzen, hitzarmenean jasotakoa baino gutxiago kobratzen dutela, asteburuetan eta jaiegunetan derrigorrez lan egin behar izaten dutela, emakume langileek etxetik laneko arropak jantzita joan behar izaten dutela lantokian aldagelarik ez dutelako, eta abar.

Horrez gain, enpresa "greba eskubidea urratzen" ari dela salatu dute langileek. Izan ere, gainerako lurraldeetako beharginak bidali dituzte Aguraingo (Araba), Araiako (Araba) eta Amurrioko (Araba) lantokietako lanak egitera.

Elkartasuna saretzeko beharra

Enpresaren jokabideari aurre egiteko, borroka eremua zabaltzeko apustua egin dute langileek. Elecnor Telefonicaren azpikontratatua izanik, haren erantzukizuna nabarmentzeko eta sektoreko egoeraren berri emateko, Gasteizko Plaza Berriko merkatuan bilduko dira langileak ostegunean. Ostiralean, langileen saretzea bilatuz, Bilbora (Bizkaia) eramango dute protesta. Telefonicaren eta Elecnorren egoitzen aurrean elkartuko dira, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako kideen babesa jasotzea espero dute.