ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Twitterretik hartutakoa
2024/09/23 09:02

Madrilgo Barajasko aireportuan gatibu jarraitzen dute 40 sahararrek, Espainiako Estatuak atxikirik. Asilo politikoa eskatu dute, okupatutako Mendebaldeko Saharako preso politikoak (eta euren senideak) baitira: Marokoko agintaritzek atxilo hartzeko, torturatzeko eta espetxeratzeko arriskuan jarraitzen dute gaur egun. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, baina, ez du oraingoz haiei asiloa ematerik onartu, eta Barajasen dituzte atxilo.

Sahararrek salatu dutenez, frogatu dute jadanik zein arriskutsua den haiek Marokora bueltatzea: atxilotuak izateko beldur dira, baita euren bizia galtzeko beldur ere. Gogorarazi dute Espainiako Gobernua, berez, behartuta dagoela pertsona migrante bakoitzaren egoera zehatza aztertzera, babesa behar duten asilo-eskatzaile potentzialak identifikatzeko.

Hala ezarri zuen nazioarteko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioak (horrekin bat egin zuen Espainiako Estatuak), 33. artikuluaren bidez: "Ezein estatuk ezin izango du, kanporatzearen edo itzultzearen bidez, errefuxiatu bat bere bizitza edo askatasuna arriskuan dauden lurraldeetako mugetan jarri, inola ere".

Une honetan Barajasen atxikirik dauden pertsonen abokatuak azaldu du berehala deportatuak izateko arriskuan daudela zenbait. Itxura denez, zazpi lagunentzako hegaldiak hitzartuta ditu jadanik Espainiako Estatuak, hegazkin bidez Casablancara edo Rabatera kanporatzeko eta, modu horretan, Marokoko agintaritzen esku uzteko.

Miseriazko baldintzak aireportuan

Sahararrek jakinarazi dutenez, baldintza negargarrietan eta osasungaitzetan dituzte aireportuan, eta 20 egun baino gehiago daramatzate han batzuek. Besteak beste, zimitzak daude haien atxilotze-eremuan, eta ziztadak jasaten ari dira. Horretaz gain, ez diete eguzki-argia ikusten ere uzten: "Baldintza horiek kartzela batekoak dira".

Euren egoera salatzeko, gose grebari ekin zioten atzo. Pairatzen ari diren baldintza latzak bukatzea eta euren asilo politikoa tramita dezatela exijitzen dute. Atlas atariaren arabera, 29 dira grebara jo duten sahararrak, baina, guztira, 40 dira aireportuan preso daudenak, asiloa izapidetzeko esperoan.

Tartean dira haurrak (urte eta erdiko ume bat, adibidez) eta pertsona nagusiak, eta larriki gaixorik dago lagun bat. Aireportuan atxikirik dagoen emakumeetako batek, gainera, abortu bat jasan du atxiloaldian.

Beste militante bat, Loiun atxilotua uda honetan

Espainiako Barne Ministerioak sistematikoki ukatu ditu saharar militanteen asilo-eskaerak, haien asilo-eskubidea behin eta berriz urratuta. Público-k gogorarazi duenez, nabarmena izan da jokaera hori joan den uztailetik hona. Uda honen hasieran bertan, Loiun (Bizkaia) atxilotu zuten Saharako militante bat, Youssef Mahmoudi, eta bera deportatzekotan egon ziren. Ia bi astez atxikirik eduki ostean, aske utzi zuten, hegazkin bateko komandanteak uko egin baitzion sahararra Marokora eramateari.

NO HAY COMENTARIOS