ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Busturialdeko Hitza
2024/10/21 08:17

Aurreko larunbatean, urriaren 19an, mobilizazio jendetsu bat izan zen Gernikan (Bizkaia), exijentzia argi batekin: milaka lagunek eskatu zuten bertan behera utz dezatela Guggenheim Urdaibai makroproiektua. Arratsaldeko 18:00etan hasi zen manifestazioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta: herrigunean barrena mobilizatu ziren milaka lagun, eta Dalia ingurutik ere igaro ziren (udan bota zuten fabrika, Guggenheim eraikitzeko proiektuaren barruan).

"Guggenheim Urdaibai sekula ez da bat etorriko herritarren eta naturaren beharrizanekin", adierazi zuten larunbateko mobilizazioaren antolatzaileek: "Proiektu hau fundazio pribatu baten ekimenez eta haren neurrira eginda dago, eta haren gurariak asetzea du helburu". Seinalatu zuten, bestalde, "turismo masifikatua bultzatzen" duela makroproiektuak, "non eta hemen; Urdaibaiko paduretan, biosfera erreserba baten erdi-erdian".

Plataformaren esanetan, "eskualdeko biztanleen nahi eta beharrak kontuan hartu barik" inposatu dute plana, "eta ingurumen azterketarik egin barik". Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak daukate martxan proiektua, baina egiten ari diren urratsak gera ditzatela exijitu zuten asteburuan manifestariek, ozen.

Guggenheimen kontra, gazte langileak borrokara

Larunbat arratsaldeko mobilizazioaren aurretik ere, Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontrako aldarria zabaltzen jardun zuten gazteek. Gernikako Egurre Gazte Asanbladaren ekimenez, eskualdeko ikasleek greba egin zuten ostiralean, makroproiektuari ezetz esateko. Grebari lotuta, manifestazio bat egin zuten eguerdian, Guggenheimen kontra, gazte langilek borrokara! lelopean.

Horren ostean, 24 orduko gazte-akanpada bati ekin zioten gazteek, Gernikako Pasealekuan. Makroproiektuei buruzko hitzaldi bat, Guggenheim Urdaibai Stop eta Guggenheim Ez plataformen mahai-inguru bat, jolasak eta emanaldiak izan ziren akanpadan, eta larunbat arratsaldean amaitu zen, aipatutako manifestaziora batzeko.

Grebarako eta gazte-akanpadarako deialdiak egitean, Egurre Gazte Asanbladak ohartarazi zuen erakundeek aurrera segitzen dutela Guggenheim Urdaibai proiektuarekin, eta beharrezkoa dela horren aurka "kaleak hartzea eta mobilizatzea".

"Guk argi dugu enpresarien interesei erantzuten diela proiektuak, eta eskualdeko biztanleria osoari onura ekonomikoa ekartzetik urrun, Urdaibain eta Busturialde osoan eraiki nahi duten negozio turistikoaren parte direnei soilik ekarriko diela aberastasuna, gainerako guztion pobretzearen kontura", esan zuten asanbladako kideek. "Urdaibaiko ekosistema zaurgarrienetan makroeraikuntzen ugaritzea eta masifikazioa" ekarriko dituela ere salatu zuten.

NO HAY COMENTARIOS