ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
NUP, Azaroaren 25ean. Argazkia: Akelarre Emakume Taldea
2019/12/02 11:41

2016. urtean sortu zuten Akelarre Emakume Taldea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, "unibertsitatean zein bestelako esparruetan genero problematika lantzeko". Ordutik, Akelarreko kideek urtero egin dute "taldearen aurkezpena" campusean; aurten, baina, bestelako helduleku batzuk izan dituzte ardatz, azaldu dutenez. "Jardun eraginkor bat egiteko eta inertziek sortutako blokeotik ateratzeko", "oinarri politikoen gabezian", "barne hausnarketara eta formakuntzara bideratu" dute aurtengo jarduna. "Izan ere, etsaiari aurre egin ahal izateko, beharrezkoa zaigu berau ondo ezagutzea", diote.

Hala, hausnarketa fase horretatik ateratako ondorio nagusia argitara atera berri du Akelarrek: "Genero problematika klase ikuspuntutik lantzearen beharra". "Genero zapalkuntza, kapitalaren metaketa bermatzeko, burgesiak langile klasea zapaltzeko eta bere antolakuntza gaitasunak ahultzeko erreproduzitzen duen mekanismoa dela ulertzen dugu", adierazi dute. Hala, "genero zapalkuntzaren gaindipena emateko aukera errealak, soilik klaserik gabeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte batean emango direla" azpimarratu dute taldeko kideek.

Lana eta erronkak

"Gaiak duen konplexutasunaz jakitun eta genero zapalkuntzaren zergatian sakontzeko eta aurrera begira gauden honetan", "egunerokotasunean jasaten ditugun erasoei erantzuteko mekanismoak martxan jartzeko borondatea" adierazi dute Akelarrekoek. "Genero zapalkuntza gainditzeko bidea luzea" izango dela diote; baita "erronka asko" bistaratzen dituztela ere. "Horregatik uste dugu lehengo pausua zapalkuntzaren zergatia eta nolakotasuna ulertzea direla".

Beraz, dei egin diote "lan egiteko, ikasteko, zalantzak argitzeko, eta zapalkuntzari aurre egiteko interesa" duen orori, eurekin harremanetan jartzera. Horretarako, sare sozialak edota helbide elektronikoa erabiltzeko aukera dagoela gogorarazi dute.