Gainean da Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen hustea. Ostiral honetarako, hilaren 19rako, dago ezarrita Langile Kontrolpeko Espazioaren desalojoa, eta Zestoako Gazte Asanbladako kideak buru-belarri ari dira hura defendatzeko lanetan.
Gaztetxearen aldeko ekimen ugari daude antolatuta egun hauetarako, besteak beste, desalojoaren kontrako kale-bueltak. Atzo izan zen aurreneko bira, Gaztetxearekin elkartasunez, 20:00etan hasita. Gaur eta bihar ere egingo dituzte gisa horretako kale-bueltak, ordu berdinean.
Asteazkenean, hilaren 17an, Gaztetxearen aldeko futbito txapelketaren finala izango da kiroldegian. Hurrengo egunerako, ostegunerako (desalojoaren bezpera, hain zuzen ere), hainbat ekimen antolatu dituzte herriko plazan.
18:30ean, Plaza hau gurea da antzezlana emango du Ekida Arte Ekimen Sozialistak, eta Rodeo eta Ezpalak taldeen kontzertu akustikoa izango da horren ostean. Gero, afaltzeko aukera egongo da Gaztetxean.