ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/19 07:49

Atzo iluntzean, Gasteizko (Araba) Salburua auzoan elkarretaratze bat egin zuen Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), igandean bertako futbol-kantxetan izan zen polizia-operazio erraldoia gaitzesteko. Antolakundeak gogorarazi zuenez, igandean, kirol-txapelketa baten bueltan elkartu zen gazte andanaren aurka oldartu zen Ertzaintza: 44 pertsona atxiki, identifikatu, miatu nahiz kolpatu zituen, "gazte-bandetako kideen presentzia posiblea" aitzakiatzat hartuta.

Gasteizko GKSk seinalatu du "arrazakeria kasu argi" bat izan zela igandean gertatutakoa, ertzainak "pertsona arrazializatuen bila" joan zirelako zuzenean eta ez zelako "kasualitatea" izan ekimen zehatz horri erasotzea. Hala, gertakariak testuinguruan jarri ditu gazte-antolakundeak, Poliziak orokorrean duen izaera arrazistaz ohartaraziz eta Gasteizen aurrez ere "pertsona migratuen eta arrazializatuen aurka" izan diren "kriminalizazio-kanpaina" ugariak gogora ekarriz. "Segurtasun faltarekin lotzen dituzte pertsona migranteak", dio GKSk, azalduz oraingoan kirol-txapelketa bat izan dela ustezko "gazte-banden" jardunarekin lotu dutena, "gazte migranteen presentzia desnormalizatuz eta buloz jositako iruditegi bat eraikiz".

Bestalde, antolakundeak salatu du, orokorrean, "gazte langileen aisialdi esparru oro" izaten dela "seinalatua eta kriminalizatua". Kasu honetan, dena den, jazotakoa "mutur argietara iritsi" dela diote GKSko kideek; "inolako arazorik ez zegoen ekimen batean, [...] beldurra zabaldu eta gazteriak erabiltzen dituen espazio publikoen inguruko iritzi konkretu bat eraikitzeko". Hori guztia ikusita, gazte langileen kriminalizazioa borrokatzera deitu du Gasteizko GKSk.

Oroitarazi du, gainera, "joera erreakzionario sakon baten aurrean gaudela", eta igandekoak bezalako gertakariek horretan "sakontzen jarraitzen" dutela, "arrazakeria eta gazte langileon aurkako jazarpena eta kriminalizazioa" elikatuz eta "gehiegikeria poliziala normalizatuz". GKSk iritzi dio horrek guztiak "geroz eta erreakzionarioagoa den zentzu komunari ateak are gehiago irekitzen" dizkiola, eta "klase-batasuna" aldarrikatu du joera horri aurre egiteko.

NO HAY COMENTARIOS